Artikulu berri honetan gure proiektuko bi atzizkiak aurkeztuko dizkizuet, baina oraingoan lemaren aldetik bakarrik. Hasi baino lehen, esan beharra dago bi atzizkiak, -GARRI eta -GO, izen-sortzaileak direla. Honek zera adierazten du: oinarriarekin bat egiten dutenean izenak sortzen dituztela. Baina -GARRIk izenak sortzeaz gain izenondoak ere sortzen ditu.
-GARRI atzizki emankorraren lemari buruz hitz egitean bi gauza nabarmendu behar dira. Alde batetik, -GARRIk aldaki bat baduela: -karri; eta beste aldetik gaur egun atzizkiaren tradizioko balioa ez dugula erabiltzen eta ondorioz desbiderapena eman da atzizki honetan, beste askotan bezalaxe.
-GOren leman puntu bakarra nabarmendu behar da. Puntu hau -a organikoaren galera da. -GOk tradizioan bazuen -a organikoa edo itsatsia; baina gaur egun -a hori galtzearen joera nagusitu da. Horren ondorioz Euskaltzaindiak euskara batuaren arauetan -GO -a organikorik gabea hobesten du.