UZEI 1977an sortu zen, hizkuntza edozein hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan.
Urtetan egindako hiztegi terminologiko guztiak banku terminologiko batean sartu ziren. Honela, 1986an EUSKALTERM terminologia-bankua sortu zen bere baitan.
1987an, 226/1987 Dekretuaren arabera eta berariazko lankidetza-hitzarmena izenpetuz, Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen hizkuntza-plangintzako ikerlanean aritzeko.
1989an, Onura Publikoko aitorpena eman zion Eusko Jaurlaritzak hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorreko lanak sustatzen dituelako.
Egun hauek dira UZEIren jarduera-lerro nagusiak:
Hiztegi Orokorra: UZEIko Lexikografia Sailak Euskaltzaindiaren Hiztegi Baturako ikerketa-lana egiten du. Hiztegi osagarriak ere lantzen ditu sail honek (Sinonimoen Hiztegia adibidez).
Corpusgintza: Euskarazko testu-corpusen diseinuan, egituratzean eta lematizazioan aitzindaria da UZEI. Emaitzarik aipagarriena XX. Mendeko Euskararen Corpusa da. Egun, itzulpen-corpusak kudeatzeko sistemen garapenean ari da UZEI.
Hiztegi teknikoak: Hastapenetik ari da UZEI hiztegigintzan. Hiztegiak UZEIk sortu zuen EUSKALTERM banku terminologiko publikoan integratzen dira. UZEI, terminologiaren normalkuntzarako erabakiak hartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko kide da.
Itzulpengintza teknikoa: Lan terminologikoarekin lotura izanik, UZEIk arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten ditu, besteak beste informatikan, medikuntzan, zuzenbidean, arkitekturan eta enpresa-kudeaketan.
Trebakuntza: Bere lanaren hedapenari garrantzia ematen dio UZEIk. Horrela jardunaldiak eta kongresuak antolatzeaz gain, trebakuntza eskaintzen du bere ezagutza-esparrutan, unibertsitatean eta graduondokoetan.
Hizkuntza-teknologiak: UZEI INNOBASQUEko kide da eta hainbat ikerketa-lerro ditu irekiak bere ezagutza-esparruetan (terminologian eta lexikografian). Horretaz gain Bruselako Adierazpenaren sinatzaile ere bada UZEI.