“Orokor” deiturapean bilduko ditugu bai aukera galderak, bai hauen azpimultzo diren bai / ez erako galderak. Hauen bereizgarria da galde hitzik ez izatea.
- Menderagailua
Lehen esan bezala, zehargaldera guztien, aukera galderen, bai/ ez erakoen eta zatizkoen, bereizgarria aditzari itsasten zaion -eN menderagailua da. Aukera galderetan eta baita bai/ ez erakoetan, zenbaitetan bi aditz agertuko dira eta aditz bakoitzak eraman behar du bere atzizkia:
– Ez dakit joango naizen ala telegrama bat bidaliko diodan.
* Ez dakit joango naiz ala telegrama bat bidaliko diodan.
* Ez dakit joango naizen ala telegrama bat bidaliko diot.
- -N ALA EZ/ -eN eta eNETZ
Egitura hauek -N menderagailuaren forma indartuak ditugu eta baietz eta ezetza azpimarratu denean lortu ohi da. Beraz, ba/ ez erako galde-perpausekin baino ez dira erabiltzen.
Hona hemen –N ALA EZ egituraren zenbait adibide:
– Oraindik ez dakigu egingo duguN ALA EZ.
– Etorriko zara? Ez dakit joango naizeN ALA EZ.
Bigarren egitura, aurrekoaren baliokide dugu. Batzuetan -eN soil horri, indartzeko edo hizki txiki bat gaineratzen zaio bost forma diferente gertatzen delarik: -eNENTZ (Bizkaieraz), -eNENZ, -eNETZ, -eNEZ (Bizkaieraz), -eNZ. Badirudi oparotasun horretan -eNZ eta -eNETZ-en (Lapurteraz) artean egin beharko litzatekeela aukera.
Baina forma indartu hau ez da zilegi galderetan. Hots, bai / ez erako eta aukera galderetan bakarrik erabil daiteke. Hona hemen Axularren adibide bat non aukera galdera eta bai / ez erakoa, biak, biltzen dituen.
– Eztut uste galdeginen derakula Iainkoak ea pobre onari ala gaixtoari eman diogunz, eman diogunz baizen.
Iparraldeko literaturan aldi eta alde guztietakoan ageri da -eNZ, forma batean edo bestean. Zuberotar eta behenafartar guztiek darabilte, Leizarragak eta lapurtar batzuek ere bai, hala nola Axularrek, nahiz beste batzuek honekin batera -eN soila ere erabiltzen duten:
– Othoitze bat banegion larradala egia, / Bidekarian laztenez ninzan haren grazian.
– Utzak, dakusagun eia ethorriren denez Elias horren enparatzera.
– Orano eia zurerik heldu denez.
– Nork daki (…) ea (…) itzuliko denz bertze aldera, ematuko zaikanz bere kolera eta utziko gaituenz gaztigatu gabe?
Baina -eN soila edo –eNENTZ erabiltzeari deritzagu onena.
2. BA- aurrizkia zehargalderetan
Bigarren zehaztapena bizkaierari dagokio. Euskalki honetako zenbait tokitan zehargaldera aukera galdera denean, -eN barik BA- hartzen du inoiz adizkiak menderagailu, ahozko hizkeran batez ere. Horrela, erabilera hau hiztunen araberakoa denez, BA aurrizkia jartzea aukerakoa da. Bai/ ez erako zehargalderetan ez ezik, aukera galderetan ere erabiltzen da BA- hau:
– Galde egiozu gorria ala beltza hartuko badu.
– Egia esan ez dakit badaukadan ala ez.
Aukera hau ez da baldintzazko BA aurrizkiarekin erabilera okerrarekin nahastu behar.