Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Arte postmodernoa: Jeff Koons

mayo 18th, 2012 · No hay Comentarios

 Egungo artean arreta jarriz, gaurkoa Arte Postmoderno bezala ezagutzen den artea daukagu, Aro Garaikideko gizarte, politika eta ekonomian oinarritzen dena. Arte honen barruan kokatzen da Jeff Koons artista estatubatuarraren lana. Garaiko artista polemikoenetarikoa dugu Koons, baita hobeto ordainduenetakoa ere.

Kitsch estilotik hasi eta monumentalismora garatu du bere lana. Material ez-ohiko bezain arraroak erabili ditu bere obrak egiteko, eta horrek ere ospea eman dio; ispilua eta binilotik, loreak erabiltzera arte. Azkenengoen artean koka dezakegu Guggenheim Museoaren aurrealdean daukagun Puppy,  bere lanetan famatuenetarikoa. 

Postmodernitatea izeneko kontzeptua XX. mendeko mugimendu artistiko, kultural, literario eta filosofikoak deitatzeko erabiltzen da, euren Aro Modernoaren kontrako tendentziak eta hauek  hobetzeko ahaleginak direla eta.

Hasiera batean, espresionismoa, kubismoa eta abangoardia guztiek aurre egin behar izan zioten  etsaitasunezko ikuslego uzkurrari. Baina mendearen lehengo erdiaren ostean, mugimendu iraultzaile hauek entzutea lortu zuten gizartean, eta akademietan onartuak izaten hasi ziren. Hemendik aurrera, Modernitatea zahartua geratuko zen, eta sentimendu horrek Postmodernitatea izenekoa sortuko zuen.

Garai honetakoa dugu Jeff Koons. Jeffrey Koons Yorken, Pennsylvanian,  jaio zen 1955. urtean. Pintura ikasketak egin zituen Chicagoko School of the Art-en (SAIC) eta, ondoren, Arte Ederretako ikasketak Baltimoreko Maryland Institute College of Art-en (MICA). Ikasketak amaitu ostean, New Yorken geratu zen bizitzen eta, bertan, burtsa-artekari bezala hasi zen lanean, Wall Street-en, 1976.an.

Burtsa- eta komertzio-transakzioak egiteko zuen gaitasunak artearen munduan ere agertu zituen; izan ere, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan (MoMa) lan egin zuen, bazkideak erakarriz. Esperientzia honek eragin handia izango zuena bere ibilbide artistikoan, ikuspegi merkantilista batetik abiatzen dena.

Nahiz eta Koons enpresaburua zen, artea politizatu eta teorizatu zen momentuan artea ogibide bihurtzeko mugimenduan parte hartu zuen, marketin estrategiak sortuz. Publizitatea artelanak ezagutarazteko erabili zuen lehenengo artista izan zen, eta ekonomian zituen ezagutzaz baliatuta, onurak handiak atera zituen horri esker.

Bere artearen izaera dela eta, salaketa ugari jaso ditu autoreen eskubideak urratzeagatik.

Bere obrari dagokionez, askotan Neo-pop eta minimalistatzat hartzen bada ere, monumentalismoa da bere ezaugarririk nagusia; gainera, esan beharra dago Koonsek pintura, kokatze-eskultura eta argazkigintzako obrak egin dituela.

Bere lanaren abiapuntutzat 1979an egindako “Inflatables” izeneko eskultura taldea dugu; hauek biniloz egindako artelanak izango ziren, loreak gehien bat, ispiluz inguraturik. Obra hauetan, Koonsek haurrek uretan erabiltzen dituzten puzgarriak erabiltzen zituen, eguneroko objektuekin nahastuta.

Bere helburua adierazten den irudiaren eta honen inguruaren arteko konbinazioa bilatzea zen, formaren isladaz baliatuta. 2009. urtean egindako elkarrizketa batean, puzgarrien erabilpenaren zergatia galdetu zioten; bere esanetan:

“Gu ere horrelakoak gara: haizea behar dugu, handitu egiten gara, uzkurtu, eta gure azken arnasarekin, gure azken haizearekin desegiten gara.”

“Made in Heaven”, “Easy Fun” eta “Celebration” izeneko kolekzioak argitaratu ditu, eta guztiak izan dira eztabaida ugariren sortzaile. Bere lana zenbait erakusketa publikotan ikus daiteke: Whitney Museum of American Art eta Guggenheim Museum (New York), Los Angeles County Museum (Los Angele ), The Broad Art Foundation (Santa Mónica), The National Gallery eta Hirshhorn (Washington), San Francisco Museum of Modern Art (San Francisco), Tate Gallery (Londres), Stedelijk Museum (Amsterdam), Ludwig Museum (Colonia), Tokioko Arte Garaikidearen Museoa (Tokio) eta Bilboko Guggenheim Museoa (Bilbo), besteak beste.

INFORMAZIO ITURRIAK

Filed under: Arts Tagged: arte, Guggenheim, jeff, kitch, koons, portmoderno, postmodernismo, Puppy

Etiquetas:

  • Etiquetas