Juntagailu hautakari honek aldaera bakarra dauka: edo, eta maila guztietako osagaiak elkar ditzake: perpaus osoak, izen-sintagmak, aditzondoak, izenondoak, eta abar. Bestalde, zenbat-nahi osagai elkar ditzake, gehienetan bi baino elkartzen ez baditu ere. Nolanahi ere, juntagaiek maila edo kategoria berekoak izan behar dute beti.
Erabilerak
Erabilerari dagokionez, lehenengo eta behin, esan beharra dago zenbait euskalkitan edo dela erabiltzen den juntagailu hautakari bakarra, eta balio guztiak har ditzakeela. Beraz, edo-k orobatasuna (berdintasuna, kidekotasuna) edota elkarren baztergarri (bata aukeratzeak bestea baztertzea dakar) diren aukerak adierazteko erabiltzen da.
Edo juntagailuaren erabilerarik ohikoena adierazpen-perpausetan ematen da. Hona hemen zenbait adibide:
* Zein nahiago duzu? Berdin dit: bata EDO bestea. * Ez daukagu beste irtenbiderik: hori EDO alde egin. * Normalean trenez EDO autobusez joaten naiz. * Aukera bi dauzkazu: etxera joan EDO berton lo egin. * Nik neuk, zure lekuan, hau EDO bestea hartuko nuke. * Sukaldean EDO egongelan ikusi dudala uste dut.
Sarri, bigarren juntagaia lehenengoaren aldaera edo zehaztapena izaten da. Horrelakoetan, edo juntagailuaren ondoren hobeto esan, bestela esan, antzeko zerbait, behintzat… eta antzeko esapideak erabiltzen dira. Ikus ditzagun zenbait adibide:
* Ez du ezer egin, EDO, hobeto esan, ez du ia ezer egin. * Hauek biak ia-ia berdinak dira, EDO ia barik. * Hondatuta dago, EDO, gauza bera dena, ez digu balio. * Pikutara joateko EDO horrelako zerbait esan zidan. * Inprimagailu EDO dena delako horrek zarata itzela ateratzen du. * Filologia EDO antzeko zerbait ikasten ari da.
Bestalde, aginte-perpausetan erabiltzen denean, baldintza-kutsua izaten du maiz. Adibidez:
* Isilik egon EDO (bestela) zoaz hemendik! * Alde hemendik EDO kokoteko bat emango dizut. * Kasu egin EDO amari esango diot. * Ez ukitu hori EDO ikusiko duzu!
Galde-perpausetan ere erabiltzen da juntagailu hau, oso maiz ez bada ere. Ikus ditzagun adibide batzuk:
* Amagatik EDO aitagatik ez zenuke hori egingo? * Badakizu EDO jakin nahi duzu nola egin dudan? * Burutik eginda zaude, EDO zer?
Zenbaitetan, galdetzaileekin ere erabiltzen da. Adibidez:
* Nork EDO zerk egin du hau? * Ez dut ulertzen nola EDO zergatik egin duten. * Zergatik EDO zertarako nahi duzu?