Guk aukeratutako hiztegia Elhuyar hiztegia da, . Erreportaia honen hasieran Elhuyar fundazioari buruzko informazioa eskainiko dugu eta ondoren, kasu praktiko baten bidez, hiztegi honek dakartzan hobekuntza eta alde positibo denak azalduko ditugu.
Elhuyar Fundazioak hizkuntza-baliabideak eta tresnak on line jarri zituen Interneten 2008. urtean. Web gune honen bidez, hizkuntzalariek, irakasleek, teknikariek eta, oro har, gizarteak Internet bidez ikusgai izango dute Elhuyar Fundazioak hizkuntza-zerbitzuen arloan lantzen dituen proiektu, zerbitzu eta produktuak.
Elhuyarrek eskaintzen dituen zenbait zerbitzu eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak Internet bidez, besteak beste, hauek: hiztegi-kontsulta eleaniztuna, hiztegien plugin-ak deskargatu, telefono mugikorrerako euskara-gaztelaniazko hiztegi murriztua eskuratu, hizkuntza-kontsultak egin… Erabiltzaileek parte hartzeko modua ere bada honakoa, Hizkuntza Zerbitzuen blog-aren bitartez.
Elhuyar Fundazioko I+G+B sailean egiten diren ikerketek ere leku berezia dute web gunean. Martxan jarritako ikerketa-ildo eta proiektuen informazioa emango du web guneak, eta argitaratutako artikulu guztiak kontsultagai jarri dira. Horrez gain, ikerketa-proiektuen emaitza diren baliabide eta tresnetara sarbide zuzena egongo da atari honetan: zientzia eta teknologiaren corpusa (berriki handitu da, eta kontsulta-aukera zabalagoa eskaintzen du), CorpEus (Internet euskarazko corpus gisa kontsultatu eta ustiatzeko tresna), OpenTrad (kode irekiko itzultzaile automatikoa) eta Elebila (euskarazko bilatzailea).
Hiztegiak 85.000 sarrera inguru ditu bi atalen artean eta 120.000 adiera. Kopuru horiek berek adierazten digute hiztegiaren norainokoa. Izan ere, sarrera-kopuruari begira, bistan da ez garela oinarrizko lan batez ari, premia behinenak soilik asetzeko asmoz taxutua. Bi hizkuntzen masa lexiko esanguratsua bildu da, askotariko beharrak kontutan hartzearren. Hartara, lexiko arrunta eta orokorra landu da, historikoa zein gaur egungo lexiko ‘hiritartua’; horrekin batera terminologia teknikoak ere badu lan honetan bere tokia, guztira hirurogeita zazpi jakintza alorretako hitzak bildu direlarik.
Ordainak ematerakoan, atal batean zein bestean ahalbait sinonimo gehien eskaintzen saiatu dira. Hau zuzenean euskalkien tratamenduekin dago. Euskalkiek euskara estandarrean tokia behar dutela aspaldi da euskaltzaleen artean onartua. Horrenbestez, gaztelaniazko hitzen ordain zerrendan euskalki-hitzak ere sartu dira, euskalki-markarik gabe sartu ere. Euskara-atalean berriz, direlako hitz horiek zein euskalkitakoak diren adierazita dago, dagokion markaren bidez.
Bilatu nahi dugun hitzen euskal nahiz erdal ordaina eskuratzeaz gain beste baliabide bat ere eskaintzen digu aztergai dugun internet bidezko hiztegi honek. Aurrizki zein atzizki bereko hitzen zerrenda eskaintzen digu bertan azaldutako pausoak jarrituz gero. Baliabide hau oso baliagarria da hizkuntzak lantzen dituenarentzat corpus nahiko osoa eskuratzeko aukera baitago esfortzu handirik egin gabe.
Esaterako, -tasun atzizkidun hitzen corpusa lortu nahi badugu (%tasun) idatziko dugu bilatzailean eta berehala zerrenda luze bat azalduko zaigu: Aurrizkiaren kasuan berdin jokatuko genuke, (des%) idatzi ostean honakoa lortuko genuke:
Hemendik aurrera, kasu praktikoarekin hasiko gara. Askotan, itzulpenak egiten dihardugunean, hurrengo estiloko zenbait arazo topatzen ditugu: hitz baten erabilera ezberdinak, polisemia, aditz lokuzioak etab. eta honek itzultzeko konponbide argiak aurkitzea ez da horren erraza izaten.
Adibide moduan hurrengoa jarriko dugu:
Testu bat itzultzen gaudela beharbada “ezin ikusia” jarri nahi dugu eta ez dakigu gazteleraz hau zelan esaten den edo itzulpenik zehatzena zein den. Beste itzultzaile batzuetara joz gero, “ikusi” jarri eta “ver” azalduko litzateke besterik gabe. Elhuyar hiztegian begiratuz gero aldiz, “ikusi” sartu eta 6 emaitza ematen dizkigu: lehenengo biak aditzak dira zentzu hertsian baina beste bi aditz lokuzioak dira eta azken biak aldiz, esamoldeak.
Lehenengo sarreraren barruan, aditz horrek har ditzakeen esanahi ezberdinak agertzen dira (irudian ikus daitekeenez). Lehenik eta behin “ver” esanahia azaltzen da, hau baita erabiliena, eta honen ondoren “opinar, juzgar”; “comprender, darse cuenta” ; “examinar, inspeccionar” ; “visitar, ir a ver”; “soportar, aguantar, padecer, sufrir” eta “tolerar” hurrenez hurren. Esanahi ezberdin bakoitzari adibide bat eskaintzen zaio, zalantzarik egotekotan esanahi zehatz edo erabileraren inguruan zalantza horiek argitu ahal izateko.
Ondoren, hurrengo lokuzioak agertzen dira:
– ez ikusi/ikusia/ikusiarena egin
– ezin ikusi
– ikusi arte
– ikusteko modukoa izan
Hauetariko bakoitzean sakatuz gero, hitz hauen azalpenera eramango gintuzke, eta honek aberastasun itzela ematen digu. Hiztegi zaharragotan, edo beste mota bateko hiztegietan beste barik, ez da horrelako lokuziorik topatzeko aukerarik ematen, hitz baten ordezko ezberdinak ematen dira beste hizkuntzan eta hori da dena. Testuinguru edo “collocation” ezberdinetan ikusteko aukera ematean, itzultzaile eta orokorrean hizkuntza baten erabiltzaile baten lana izugarri errazten da.
Aipaturiko arrazoi hauek guztiak direla eta, Elhuyar hiztegia da gure ustetan hiztegirik onena euskera-gaztelera itzulpenak burutzeko, bi noruntzetan (euskeratik gaztelerara eta gazteleratik euskerara) ondo funtzionatzen duelako eta bere erantzunak ez direlako mugatzen ordezko hutsera, baizik eta erabilera ezberdin eta esamolde ezberdin anitz ematen ditu. Gainera, corpusa edo atzizkien bitartez topatzeko aukera ere bere neurrian baloratu beharra dago, izan ere, gu bezalako filologoentzat, berebiziko garrantzia daukate horrelako tresnek.