Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Euskalkiak

diciembre 15th, 2010 · No hay Comentarios

Euskalki bat, euskararen dialektoetako bakoitza da, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren eta Euskaltermen arabera. Euskal Herrian, tokian tokiko hizkerak ezberdinak dira, eta horrek hainbat arazo eta ikerketa sorrarazi ditu urteetan zehar. Horren ondorioz, euskalkien gaineko azterketen berri ematea komeniko litzateke.

Idazle zaharrenek, modu batean zein bestean, hizkuntza aldaera horiei buruzko aipamenak egin zituzten. Horrela Leiçarragak Testamentu Berria-ren “Heuscalduney” izeneko sarreran honela definitzen du: <<[…] batbederak daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzezo manerán cer differentiá eta diversitatea den>>. Aipamenak ere egin zituzten Bernart Etxeparek, Axularrek, Oihenartek, Joanes Etxeberri Sarakoak, Manuel Garagorri Larramendik eta haiek bezalako euskal idazle zaharrek.

Louis Lucien Bonaparte-k Euskal Herriko hainbat lekutako lankide batzuen laguntzarekin material ugari bildu zuen. Euskalkiak aztertzerakoan lau sailkapen desberdin egin zituen. Laugarrengoa (1869koa) da gaur egun arte mantendu dena, euskalkien banaketari buruzko ikerketen oinarri gisa.   Zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, iparraldeko goi-nafarrera, lapurtera, mendebaldeko behe-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera eta zuberera. Horien barnean, 25 azpieuskalki eta 50 aldaera berezi zituen.

Ondorengo dialektologoek Bonaparteren lana onetsiz, ikerketei jarraipena eman zioten. Ondorioz, Azkuek, Bonaparteren sailkapenari jarraituz, honako aldaketak proposatu zituen: erronkariera euskalkitzat jotzea, goi-nafarrera euskalki bakar bat izatea eta behe-nafarrera ere bakarra izatea.

Egun, Koldo Zuazok aurkeztu berri du euskararen eta euskalkien egoera erakusten duen mapa, honako sailkapena eginez: Mendebaldekoa; Erdialdekoa; Nafarroa Garai iparraldekoa; Behenafar-Lapurdikoa; Ipar kostaldekoa; Nafar ekialdekoa eta Zuberokoa. Horien barnean hainbat azpieuskalki aipatuz.

Iturriak:

Liburuak:

Pagola, Rosa Miren; Peillen, Txomin; Díez de Ulzurrun, Pedro, (1992): Euskalki Literarioak, Labayru Ikastegia, Bilbao, 1992.

Entziklopedia:

Klaudio Harluxet Fundazioa, (1998): Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa,Donostia.

Aipamenak:

Agurtzane Solabarrieta, (2004ko azaroaren 30ean), “Koldo Zuazoren euskalkien data argitaratu du BERRIAK”, Donostia. Hurrengo orrialdean agertzen dena:http://sustatu.com/1221550454

Filed under: Basque Language Variation

Etiquetas:

  • Etiquetas