José Santos de la Iglesia Ugartek bere “Itxina: toponimia,paisaia bizipena” liburuan esango lukeen bezala Itxina Gorbeia mendilerroaren bihotza da, Gorbeiaren arima magikoa. 1995. urtean haran karstiko eder hau Biotopo babestu bezala izendatu zuten eta bere txoko maitagarriek bizitza bor-borrean dute bazter guztietan. Mundu mitologikoak eta naturak bat egiten duten txoko infinitua dugu Itxina.
Euskal Herriko gune karstiko ederrenetarikoa da, dudarik gabe, Itxina. Bertan, kareharriak bere edertasun guztiak azaleratzen ditu 571 hektarea luzeetan zehar zabaltzen den hiruki formako gune geologiko paregabean paradisu bitxi bezain ederra sortuz. Gorbeiako bihotzean kokatzen da zehazki, Arrabako landa zabalen bestaldean; Lekanda, Azkorrigain, Arteta edota Altipitatz izeneko tontorren babesean. Bertako gailurrik garaiena lehen aipatutako Lekanda tontorra 1309 metrorekin.
Duela 150 milioi urte Gorbeiako medilerroa, bertze euskal mendilerro asko bezala, itsasoko uren azpian murgildurik zegoen, izan ere, gure herriko kareharrizko mendi eta gune ezberdinen jatorrizko sorrera itsasoan baitago. Adibidez, Itxina paradisua, koralezko uharri bat zen duela hainbat eta hainbat urte. Kareharria gogorra bada ere, “kaltzio karbonato” deritzon elementu asko du, eta miloika urteren buruan elur eta euri eran eroritako urak harria disolbatu egin du forma eder eta zulo sakonak eratuz Itxina inguru guztian.
Izan ere, Itxina bere gainaldean ederra da, paregabea dudarik gabe, bere zuhaizka, koba, tontor eta ipuinetako kontuetako baino ederragoak diruditen gune magikoekin. Baina bere handitasuna, misterioa, arriskua…bere barrenean ageri da, urak eta honek sortutako errekatxoek sortutako leize, amildegi eta ubideen barnean, Marik eta Sugarrek soilik bisitatuko lituzketen paradisu beltzetan.
Itxina Europa mailan leku erakargarria da espeleologoentzat bere barrenean hainbat urbide eta akuifero baitaude. Urbide hauetako askok eta askok kilometroetako sakonerak izaten dituzte, non airearen falta eta hotzaren presentzia handitzen joaten den. Leku hauek, ordea, ez dira batere seguruak, hankasartze txiki batek heriotza ekar bailezake. Itxina barreneko soruak labainkorrak dira oso, hura kareharriaren bitartez lurpera filtratzen baita barrenak bustiz.
Itxinako sarrera mitikoa edo historikoa Atxularreko begia da. Harriz eratutako ate natural haundi hau, antzinako egurgile, artzai eta ikazkinen sarrera edo atea zen Itxinako gune kaotiko horretara sartzeko. Egurgile, artzai eta ikazkin horietako askok eta askok bizitza galdu zuten Itxina barnean. Izan ere, Itxina ez da edonolako lekua, ederra bezain arriskutsua baita. Gure arbasoek Gorbeia inguruetan lortutako produktuak garraiatzeko bidezidorrak sortu zituzten arren, Itxina galtzeko paradisu ederra da eta berau bisitatzeko ezagutu egin behar da ingurua dena baita monotonoa, berdina.
Or dago, hain zuzen ere, haran karstiko honen misterioa, esentzia… leku eder bezain arriskutsuan sartzea, mundu errealak eta mitologikoak bat egiten duten mundu honetan galtzea edota denbora bere horretan betiko geratu den paradisuan murgiltzea. Zaindu, gurtu eta gozatu dezagun eskura eskura dugun altxor paregabe hau.
ERREFERENTZIAK:
- de la Iglesia Ugarte, J. S. (2001). Itxina: toponimia, paisaia, bizipena.
- Gorbeia. (2013, iraila 16). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 17:21, urtarrila 3, 2014 fromhttp://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Gorbeia&oldid=3952386.
- Kareharri. (2013, ekaina 8). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 17:22, urtarrila 3, 2014 fromhttp://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Kareharri&oldid=3830350.
- Kaltzio karbonato. (2013, iraila 16). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 17:23, urtarrila 3, 2014 fromhttp://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Kaltzio_karbonato&oldid=3952900.
- Lekanda. (2010, martxoa 20). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 17:35, urtarrila 3, 2014 fromhttp://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Lekanda&oldid=1482872.