Kevin Kelly, Wired aldizkariko editorea eta Whole Earth Catalog-en sortzailea, 1952an jaio zen Pennsylvanian, Estatu Batuetan. New Jersey-ko Westfield High Schoolean graduatu eta Rhode Island-eko unibertsitatean urtebete baino ez zuen egin. Bere lan asko New York Times, Esquire edota The Economist egunkarietan agertu dira (baita berak idatzitako liburu eta sortutako aldizkarietan ere). Horrez gain, argazkilaria ere bada eta askok kultura digitalean aditutzat jotzen dute.
Kevin Kelly-k emandako hitzaldi ezagunenetarikoa dugu “Predicting the next 5,000 days of the Web” izenekoa; bertan, Web-aren etorkizuna da hizpide. Kelly-k ordenagailu bakar eta unibertsaltzat jotzen du, gizateri guztiarekin integratuta dagoena, honen zati ere izanik.
Hasteko, gaur egun ezagutzen dugun Web-ak 5000 egun inguru dituela adierazten du Kelly-k. 10 urte lehenago norbaitek esan izan baligu gaur egun izango genuena ez genukeen sinistuko; izan ere, garai batean ezinezkotzat jotzen genuena egi bihurtu dugu orain. Hor dugu, esate baterako, Wikipedia (teorian ezinezkoa, baina praktikan existitzen dena). Kelly-ren arabera, azken urteetan gertatzen ari dena da ordenagailuak, mugikorrak, e.a. makina baten zati bihurtzen ari direla, makina bakar eta globalaren zati. Etenik gabe 5000 egunez lanean jardun du makina horrek, egunean 100 bilioi click, 55 trilioi link eta segundu bakarrean 2 milioi email bidaliz (Kelly-k gutxi gorabehera eginiko kalkulua). Hori guztia egin ahal izateko makina erraldoia behar du izan, itzelezko memoria duena eta inoiz egindako ziurrena. Makina honek planetaren energiaren % 5 kontsumitzen du.
Orain arte lortutakoa ikusita, zer gertatuko da hurrengo 5000 egunetan? Kelly-ren arabera gorputz bat ematen ari gara makina horri, bere arkitektura beregituratzen ari gara. Web-a konektatuta dago beti eta kamerak, mikrofonoak, sensoreak, bezalakoak makina horretara konektatuta egongo dira. Datozen urteetan Web-aren bidez lotuta egongo da dena, gauza gehienak honen menpe utziz. Zulo beltzekin konparatzen du Kelly-k Web-a, gauza oro bereganatzen duelako.
Azkenik, Kelly-k beste aldaketa bat antzeman du: orain arte makina batetik bestera joaten ginen, orrialde batetik bestera. Orain, berriz, ideia batetik beste ideia batera jotzen dugu. Hori dela eta, ideia bakoitzak bere errepresentazioa izango du Web-an, baita hartara eramango gaituen esteka ere.
Iturriak
- Kevin Kelly (editor). (2008, October 9). In Wikipedia, The Free Encyclopedia. Retrieved 18:28, October 29, 2008, from http://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Kevin_Kelly_(editor)&oldid=244052430
- http://yaplog.jp/eigojyoutatsu/archive/32