Gizarteko beste hainbat alorretan gertatu den legez, liburutegiek ere aldaketak jasan dituzte teknologia berrien agerpen eta hedapenarekin. Artikulu honen bitartez liburutegi elektronikoen, liburutegi digitalen eta liburutegi birtualen arteko desberdintasunak zeintzuk diren azaltzen ahaleginduko naiz.
Liburutegi elektronikoek ekipo mikroelektronikoak eta telekomunikazio instalazioak dauzkate, eta sistema hauek direla eta erraztasun handiz administra ditzakete gordetzen dituzten materialak, gehienbat paperezkoak direnak. Informazio horretara formatu elektronikoz hel gaitezke bai lekuan bertan bai urrun gaudelarik ere. Eraikin batean fisikoki aurkitzen diren bildumen zerrendak eta katalogoak eskaintzen dizkigute batik bat eta bilduma hauetan material eta formatu anitzak topatuko ditugu. Instituto Cervantes delakoak, esate baterako, liburutegi elektronikoa dauka.
Liburutegi digitaletan informazioa formatu digitalean gorde eta prozesatzen da; hau da, liburutegi digitalek beren bildumak digitalizatu egiten dituzte eta eskaintzen duten informazioa formatu elektroniko, magnetiko edo disko optikoetan soilik eskura daiteke. Hau guztia dela eta, jatorrizko edukiak, paperezkoa izan ohi denak, bere nagusitasuna galtzen du. Orokorrean, erabiltzaile gutxi eta oinarrizko eta espezializatutako bildumak dituzten liburutegiak dira. Liburutegi digitalen adibide gisa, Biblioteca Digital Mundial delakoa aipa dezakegu.
Liburutegi birtualek multimedia teknologiarik gorenena darabilte. Errealitate birtualaren bidez, interfaze bat sortzen da eta erabiltzaileari liburutegi tradizional batean dagoela irudituko zaio. Sistema desberdinak erabiltzen dituzte eta erabiltzaileak leku desberdinetan dauden bildumak aurki ditzake. Liburutegi birtualak ikusezina den leku batean aurkitzen dira, immateriala baina erreala, gizakiak eta injeniaritzak sortua; ziberespazioan, alegia. Biblioteca Virtual Universal delakoa da liburutegi birtualen adibide bat.
Iturriak:
-
Marlery Sánchez Díaz, Juan Carlos Vega Valdés (2002). Bibliotecas electrónicas, digitales y virtuales: tres entidades por definir. Kontsultatua: abenduak 22, 2010. Orrialdea: http://bvs.sld.cu/revistas/aci/vol10_6_02/aci05602.htm
-
Biblioteca electrónica (2003-2010). Diccionario de términos bibliotecarios. Kontsultatua: abenduak 22, 2010. Orrialdea: http://cultura.glosario.net/terminos-bibliotecarios/biblioteca-electr%F3nica-12252.html
-
Biblioteca digital (2003-2010). Diccionario de términos bibliotecarios. Kontsultatua: abenduak 22, 2010. Orrialdea: http://cultura.glosario.net/terminos-bibliotecarios/biblioteca-digital-12254.html
-
Hugo Aguayo (2008). Biblioteca electrónica, biblioteca virtual y biblioteca digital. Kontsultatua: abenduak 22, 2010. Orrialdea: http://dinerointernet.obolog.com/biblioteca-electronica-biblioteca-virtual-biblioteca-digital-150514
-
Biblioteca digital (2010, azaroak 24). Wikipedia, La enciclopedia libre. Kontsultatua: abenduak 22, 2010. Orrialdea: http://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Biblioteca_digital&oldid=42017747.