Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

perpaus bakunak

junio 27th, 2012 · No hay Comentarios

7- Arlo morfosintaktikoa (1): perpaus bakunaren egitura eta elementuen funtzioak.

            Perpausa gramatika guztietan agertzen den maila nagusieneko unitatea da, baina ez dago erabateko adostasuna bere defizinioa garatzeko orduan. Patxi Goenagak Gramatika bideetan lanean  perpausa ondorengoa dela dio: “Gramatikazko kontzeptu bat da, gramatikari dagokion eraikuntza teoriko bat. Gramatikatik kanpo ez dago perpausik. Hortaz, eztabaida luzeegia ez egiteko, esango dugu, perpausa esanahi osoa duen hots segida bat dela, gramatikaren arabera egituratua”.  Beraz, perpausa gramatikak aztertzen duen egitura izango da, gramatikak maila teorikoan sortua. Hortaz, gramatika arauen arabera izango da zuzena edo ez.

            Behin perpausa zer den argituta, perpausak bi multzo handitan sailkatuko ditugu: elkartuak eta bakunak. Perpaus bakuna bere barnean beste perpausik ez daukana izango da, hau da, aditz bakarra duena. Elkartua, aldiz, perpaus bakun batek baino gehiagok osAtuko du, aditz batek baino gehiagok hortaz. Elkartuak, aldi berean, juntadurazkoak edo menderakuntzazkoak izan daitezke. Oraingo honetan, bakunetan sakonduko dugu.

            Hauek aztertzeko sailkapen ezberdinak egin daitezke. Patxi Goenagak esanahiaren arabera bost perpaus bakun mota sailkatzen ditu: adierazpen perpausak, galde perpausak, aginte perpausak, harridura perpausak eta baiezko/ ezezko perpausak. Predikatuaren araberako sailkapena ere egin genezake, eta honela, alde batetik atribuziozko perpausak eta bestetik perpaus predikatiboak izango ditugu.

            Sailkapenak sailkapen, perpauseko elementu nagusia aditza izango da, bere inguruan osatzen baita perpausa. Aditzaz gain, perpausa osatzen duten beste elementu batzuk ere badira; hala nola, izena, adjektiboa, aditzondoa, determinatzailea, etab. Hauek elkarren artean konbinatzen dira eta unitate handiagoak osatzen dituzte, hau da, sintagamak. Aditzaren inguruan batzen diren unitateek aditz sintagma osatuko dute eta izenaren inguruan batzen direnek izen sintagma. Sintagma hauek ere elkarren artean konbinatuko dira eta perpausa osatuko dute. Lehen ere aipatu bezala, aditz bakarraren inguruan batutako osagaiek osatutako egitura perpaus bakuna izango da.

            Izen sintagmari dagokionez, esan bezala, ardatza izena izango da eta bere inguruan bestelako osagaiak aurki ditzakegu: adjektiboa eta determinatzailea, besteak beste. Hala ere, ardatza izena izango da. Izenok arruntak (mahaia) edo bereziak (Mikel) izan daitezke. Izen arrunten artean , zenbakarriak (sagarra) eta zenbakaitzak (esnea) aurki ditzakegu. Zenbakarrien artean, bizidunak (txakur) eta bizigabeak (etxea) ditugu. Zenbakaitzen artean, ostera, neurgarriak eta neurgaitzak. Neurgarriekin asko/gutxi determinatzaile zehaztugabeak erabiliko ditugu (diru asko) eta neurgaitzekin handi/txiki, labur/luze, lodi/mehe erakoak (ekitaldi laburra).

            Izenordainei dagokienez, izena ordezkatzen duten izen mota bereziak direla esan genezake. Beraz, izenordaiek izenaren funtzioa beteko dute, azken batean, izena ordezkatzera datoz eta. Funtzio bera badute ere, izena eta izenordaina bereizten dituzten ezaugarrien artean izenordainek determinatzaile eta adjentiborik ezin har ditzaketela aipatu behar da. Hortaz, izen sintagma eurek bakarrik osatuko dute. Lau mota bereiz ditzakegu: lehengo, pertsona izenordainak eta horien barruan arruntak (ni, zu, haiek…) eta indartuak (neu, zeu, geu….). Bestalde, izenordain zehaztugabeak eta hauen barruan galdetzaileak (nor, zer, zein…) eta eratorriak (inor, norbait, zerbait…). Hirugarrenez, izenordain bihurkariak ditugu (bere burua) eta laugarrenez, elkarkariak (elkar).

            Determinatzaileak direla eta, lehenengo eta bat, izen arruntek (bereziek eta izenordaiek ez bezala) sintagma osatzeko beharrezkoak dituzten osagaiak direla esan behar da. Determinatzailearen funtzio nagusia, beraz, izen sintagma osatzea eta zehaztea izango da. Aikomen, Patxi Goenagak  determinatzaileekin egiten duen sailkapena:

  • Mugatzaileak:

◦     Artikulua: zehaztuak (-a, -ak, -ok) eta zehaztugabeak (bat, batzuk)

◦     Erakusleak: Arruntak (hau, hori, hura….) eta indartuak (erakuslea arrunteei -xe/-txe atzizkiak edo ber- aurrizkia erantsiz)

  • Zenbatzaileak:

◦     Zenbatzailea zehaztuak: kardinalak (bat, bi, hiru…), ordinalak (lehenengo, bigarren…), zatikakoak (erdi, heren…), ehunekoak (ehuneko hamarra…) eta banatzaileak (bina, hiruna…) sailka daitezke.

◦     Zenbatzailea zehaztugabeak: zenbat eta eratorriak, batzuk, zenbait, asko, gut(x)i, apur, anitz, franko, hagitz, hainbeste eta eratorriak, ugari, dezente, nahiko(a), aski, pilo / mordo / makina / apur / pixka / pitin / pare + bat.

◦     Zenbatzaile orokorrak: dena, guztia, oro, oso, bete.

  • Determinatzaile zehaztugabeak: zein eta bere eratorriak eta zehar eta bere eratorriak.

Izen sintagma osatzen duten osagaiekin jarraitzeko, adjektiboei helduko diegu orain. Adjektiboaren funtzioa izenaren gaineko informazioa ematea da, nolakotasuna adieraztea. Adjektiboaren barruan izenlagunak eta izenondoak bereiz genitzake. Izenondoak izenaren atzean joan ohi dira: “Etxea polita da”. Izenlagunak, ostera, aurrean agertzen zaizkigu eta gehienetan -ko eta -(r)en atzizkien bitartez lotzen zaizkio izenari: “Etxeko atea”, “Mutilaren laguna”.

Adberbioei dagokienez, aditzaren gertaera noiz, non, nola… gertatzen den zehazten dute. Adberbioen artean, adjektiboen artean bezala, bi multzo nagusi bereiz genitzake: aditzlagunak eta aditzondoak. Aditzlagunek kasu marka (amari, etxetik, kalera…) edo posposizioak (-ari buruz, -rik gabe…) agertuko dituzte. Aditzondoak kasu markarik behar ez dutenak izango dira. Hauen artean, bakunak (orain, hemen…) eta eratorriak (ederki, korrika, astiro, ederto, alferrik, horrela…) bereiztuko ditugu. Honen ildotik, Goenagak bost aditzondo mota bereizten ditu:

  • Denborazkoak: noiz galderari edo galdera horretatik eratorriei erantzuten dietenak: edonoiz, atzo, noizean behin. Beste esapide batzuk ere denborazkotzat har daitezke: artean, harrezkero, ingandero… bezalakoak.
  • Leku aditzondoak: non galderari erantzuten diote: hemen, hara, inon, hurbil… Kasu honetan ere, lekuzko aditzointzat har daitezkeen esapide batzuk ere badaude: kanpora, gainera… bezalakoak.
  • Modu aditzondoak: nola galderari erantzuten dioten: edozelan, honela, ederto/ederki….
  • Kantitatezkoak: batez ere, maila aditzondoak: oso, biziki, arras.
  • Iritzi aditzondoak: menturaz, dudarik gabe, noski.

Aditz sintagman, ardatza aditza dugu. Aditz hau perifrastikoa (aditz nagusia + laguntzailea: etorri naiz) izan daiteke edo trinkoa (nator). Bestalde, aditz jokatuak eta jokatugabeak ditugu. Jokatuek, besteak beste, pertsona eta denbora markak dituzte, jokatugabeek aldiz ez. Jokatuak izango ditugu orain aztergai. Hauetan, pertsona (komunztadura izan ohi du kasu gramatikalekin: nor, nori eta nork); denbora (orainaldia, iraganaldia eta alegialdia), aspektua (+ burutua, – burutua) eta modua (+ahala, -ahala) markatzen dira.  Adibidez “ joan naiz” aditzaren pertsona (1. sg), denbora (+oraina), aspektua (+ burutua) eta modua (-ahala) izango.

Aditz trinkoek hitz bakarrean gordetzen dute informazio guztia. Aspektuari dagokionez, ez daramate marka berezirik baina esanahiari dagokionez, trinkoek puntukaritasuna markatzen dutela esaten da. Denborari, pertsonari eta moduari dagokionez perifrastikoaren berdinak dira.

  

Etiquetas:

  • Etiquetas