8.- Arlo morfosintaktikoa (2): perpaus elkartuen egitura eta elementuen funtzioak.
Perpausa gramatika guztietan agertzen den maila nagusieneko unitatea da, baina ez dago erabateko adostasuna bere defizinioa garatzeko orduan. Patxi Goenagak Gramatika bideetan lanean perpausa ondorengoa dela dio: “Gramatikazko kontzeptu bat da, gramatikari dagokion eraikuntza teoriko bat. Gramatikatik kanpo ez dago perpausik. Hortaz, eztabaida luzeegia ez egiteko, esango dugu, perpausa esanahi osoa duen hots segida bat dela, gramatikaren arabera egituratua”. Beraz, perpausa gramatikak aztertzen duen egitura izango da, gramatikak maila teorikoan sortua. Hortaz, gramatika arauen arabera izango da zuzena edo ez.
Behin perpausa zer den argituta, perpausak bi multzo handitan sailkatuko ditugu: elkartuak eta bakunak. Perpaus bakuna bere barnean beste perpausik ez daukana izango da, hau da, aditz bakarra duena. Elkartua, aldiz, perpaus bakun batek baino gehiagok osotuko dute, aditz batek baino gehiagok hortaz. Elkartuak, aldi berean, juntadurazkoak edo menderakuntzazkoak izan daitezke. Oraingo honetan, elkartuetan sakonduko dugu.
Perpaus elkartuak, beraz, perpaus bakunak konbinatzen direnean ditugu. Beste era batean esanda, perpaus elkartua bere barnean beste perpausen bat duenari deritzo. Perpaus hauek juntadurazkoak edo txertatze-bidezkoa izan daitezke:
– (1) Mikelek gehiegi edan zuen eta mozkortu egin zen.
– (2) Gure etxe alboan bizi den gizona hiltzailea da.
(1) perpausa juntadura bidezkoa izango da, juntagailuaren bitartez konbinatutako perpaus bakun bi juntatu baitira bertan. (2) perpausean, aldiz, perpaus nagusiaren barruan mendeko perpaus bat dago txertaturik, menderagailu baten bitartez. Baliabide hauek errekurtsiboak dira, hau da, egitura komplexuagoak sor daitezke hemendik abiatuta.
Behin hau argituta, juntadura bidezko elkarketan sakonduko dugu. Maila eta izaera gramatikal bereko perpausak edo perpaus atalak elkartzen dira eta perpaus bakoitzak bere autonomia mantentzen du. Perpaus mota hauek loturazko juntagailu edo lokuzioen bidez elkartzen dira: (3) Etortzeko esan diot baina ez du nahi. Beraz, juntaduraren egitura nagusia hau da:
α [α junt α]
α edozein kategoria izan daiteke, baina kasu honetan perpaus elkarketaz dihardugunez, α perpaus deneko kasua da interesatzen zaiguna. Hortaz, arinago esan dugun bezala, maila bereko perpausak izango dira eta ez bat bestaren mendeko, eta bien artean perpaus elkartua osatuko dute:
P [ P1 eta P2 ].
Perpaus hauek juntatzen dituzten juntagailuak hitz solteak dira (eta, baina, edo…) eta, oro har, juntatzen dituzten osagaien artean kokatuko dira. Bestalde, juntagailuak (lokailuak ez bezala) ezin dira metatu: nekez ikusiko ditugu juntagailu bi elkarren segidan. Juntagailu hauek honela sailkatzen ditu Patxi Goenagak:
- Emendiozkoak: mota honetako juntagailuek maila bereko osagaiak lotzen dituzte, baina osagaiak gehituz edo kenduz. Emendiozko juntadura, gehienetan, eta juntagailuaren bitartez egiten da. Kokaguneari dagokionez, eta azken juntagaiaren aurrean jartzen da, salbuespenak salbuespen. Eta juntagailua erabilten dugunean, gehienetan, aditza pluralean erabiliko dugu: (4) sagarrak eta madariak ekarri ditu. Juntagaien ezabaketak ere maiz gertatzen dira (ezabatutako hori ezaguna denean), baina batzuetan ambiguotasuna sor daiteke: (5) Donostiako jokalariak eta arbitroak etorri dira.
- Hautakariak: edo, edota, ala, nahi(z) eta zein dira euskaraz juntagailu hautakariak. Hautakariak bi juntagai edo gehiagoren arteko hautaketa egiteko erabiltzen dira.
◦ Edo: maila guztietako osagaiak elkar ditzake; oro har, adierazpen perpausetan agertzen da. Edo juntagailuarekin aditza beti singularrean jarri behar da, salbuespenak salbuespen: (6) Ura edo ardoa nahi duzu?
◦ Edota: (edo+eta): Edo juntagailuaren parekoa da. Edonon erabil daiteke, sinonimo eta zenbatzaileen artean izan ezik.
◦ Ala: maila guztietako osagaiak batzen ditu. Galde perpausetan eta zehar galderetan agertzen da, maizenik. Oro har, kontrako aukerak adierazten ditu, eta normalean, aditza singularrean jarri behar da, nahiz eta batzuetan pluralean azaldu.
◦ Nahiz / zein: Perpausak baino atal txikiagoak batzen ditu. Gehienetan orobatasuna adierazten du, hau da, hiztunari berdin zaio bata ala bestea.
- Aurkaritzakoak: Juntagailu aurkariak bi osagairen arteko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Bi aurkaritza mota ditugu, aski desberdinak:
◦ Baina motakoak: Juntagailua hau ez da erabateko aurkaritza. Era guztietako perpausak batzen ditu, eta osagai komunak ezaba daitezke bigarren juntagaian: (7) Etxea ez da merkea, baina polita da.
◦ Baizik eta motakoak: Lehenengo juntagaia ezezkoa da, eta bigarrenak ezeztapen hori baieztatzen du: (8) Ez da merkea, garestia baizik.
Txertatze-bidez osatutako perpausetan, perpaus nagusia eta mendekoa bereizten dira. Menpekoak sailkatzeko, Goenagak bi multzo nagusi bereizten ditu, adizkiari begiratuta: adizki jokatuak dituztenak eta jokatuko gabeak dituztenak.
Aditz jokatua duten menpeko perpausei dagokienez, perpausari atzizki bat eransten zaio (edo aurrizki bat). Atzizki edo aurrizki hori perpaus osoari dagokio, baina aditzari itsasten zaio. Honela, menpeko perpaus mota ezberdinak sortuko ditugu. Oro har, betetzen duten funtzioaren arabera sailkatzen ditu Goenagak eta ez erabilitako atzizki edo aurrizkiari begiratuta:
- Perpaus osagarriak: Aditz jokatua duen perpausa beste perpaus nagusiago baten osagai izango da. -EN, -ELA, BAIT- bezalako atzizkiekin agertuko zaizkigu. (9) Azterketa zaila izan dela esan du.
- Zehargalderak: Zehargalderak ere osagarriak direla esan daiteke, predikatu baten osagarri direlako. Zehargaldera hauek -EN atzizkiaz hornituta agertuko zaizkigu. (10) Zenbat urte nituen galdetu zidan.
- Perpaus erlatiboak: Perpaus erlatiboak izen sintagma baten barruan kokatuta agertzen dira. Normalean, izen sintagmaren ardatz den izenaren ezkerretara kokatzen da. -EN atzizkia izango da perpaus hauetan agertuko zaigun menderagailua. (11) Lehen ikusi dugun neska gizon horren alaba da.
- Konparazio perpausak: Konparazio egiturak adjektiboekin eta zenbait aditzondorekin aurki ditzakegu eta maila-aditzondoen nahiz izan sintagmetan aurkitzen ditugun zenbatzaileen zeregina betetzen dute. (12) Zurea bezain kotxe handia erosi du.
- Perpaus adberbialak: Hauek aditzlagunaren funtzioa beteko dute perpausean. -ELA, esaterako, izango da perpaus adberbialak sortzeko erabiliko dugun atzizkietako bat. Atzizki honekin eratzen diren perpaus adberbialak bi motatakoak izan daitezke: denborazkoak, (13) Etxeko lanak egiten ari nintzela agertu zen; edo moduzkoak (14) odola dariola eraman dute ospitalera. Beste zenbait atzizkirekin ere eratzen dira perpaus adberbialak: -ELA ETA, -ELARIK, -ENEAN, -ENERAKO, -EN ARTE, -ELAKO, besteak beste.
- Baldintzazko perpausak: Perpaus hauek ere aditzlagunaren funtzioa betetzen dute perpaus nagusian. Baldintzaren barrruan bi sail banatuko ditugu: Baldintza alegiazkoa, (15) Nire amak baleki, negar egingo luke; Baldintza ez alegiazkoa edo erreala, (16) Erortzen bada, altxatuko dugu.
Aditz jokatugabeekin, Goenagak ondorengo sailkapena egiten du har dezaketen tankerari begiratuta:
◦ Aditz-izena: egite, etortze….
◦ Aditz partizipioa: ekarri, eman, lagundu….
◦ Aditzoina: egin, etor, har….
◦ Etorkizuneko adizkia: egingo, lagunduko, etorriko….
Lau adizkiok perpaus txertatuetan ager daitezke, bakoitzean egoki den atzizki edo posposizioarekin batera.
Azkenik, perpaus elkartuen artean, hirugarren sail bat bereiz genezake: alborakuntza. Perpaus hauetan, perpausak inolako loturarik gabe kateatuta agertzen dira. Hau da, ez daukate ezta juntagailurik eta ezta menderagailurik ere: (17) lasai nago, ondo irtengo da. Hauetan bi mota bereiz ditzakegu:
- Alborakuntza hutsa: Partikularik gabe sortutako juntadura da. Perpausez gain, sintagamak eta hitz elkarketak ere albora daitezke.
- Errepikapen bidezko alborakuntza: Gehienetan errepikatzen den partikula aditzondoa da: (18) Baimena eskatu behar duzu, bai irteten zarenean bai sartzen zarenean.
Azkenik, testu mailako loturak adierazteko erabiltzen ditugun hitzak aipatuko ditugu: lokailuak. Juntagailuak ez bezala, perpaus berean lokailu bat baino gehiago ager daiteke.
Bost multzotan sailka ditzakegu:
Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat, berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik.
Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainontzean, ezpabere.
Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere.
Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, halatan.
Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.
BIBLIOGRAFIA: