Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Xabier Lete

enero 11th, 2011 · No hay Comentarios

Xabier Lete euskal kulturaren ikur nagusietako bat dugu. Euskal Filologia ikasten egonik, zuzena deritzot euskal poesiaren maisuari omenaldi xumetxo bat egitea. Ondorengo lerroekin horixe lortu nahi dut, Oiartzungo semeari omenaldia egitea eta bide batez, Lete ezagutzen zutenei Xabier ezagutzeko aukera ematea.

Lete 1944ko apirilaren 5ean jaio zen Oiartzunen eta oraintxu, hain zuzen ere, abenduaren 5ean, Donostian hil zen. Gazterik hil ere, 66 urte besterik ez baitzituen.  Letek honelaxe deskribatu zuen bere burua 2006an Lander Arbelaitzek Argia astekarirako egin zion elkarrizketa batetan: “Lagunentzako eta jolaserako ona nintzen pertsona bezala oroitzen dut nire burua umetan. Hala ere, 16 urtetik aurrera, bere buruari galderak egiten zizkion tipo bakarti eta melankolikoa bihurtzen hasi nintzen”

Tarragonako Unibertsitate Laboralean burutu zituen peritaje ikasketak, Deustuko Unibertsitatea garestiegia baitzen. Bere aitaren ametsa, semak ikasketa teknikoak egitea zenez, peritaje ikasketak aukeratu zituen gero mekanikan espezializatzeko. Baina espezializazioarekin hasita batera, nota txarrak ateratzen hasi zen eta etxera itzuli zen. Erabaki horrek bere aita tristetzea ekarri eta beraien artean haserraldi batzuk izatea ere karri zuen. Gero, Pasaiako (Gipuzkoa) Bianchi enpresan jardun zen lanean, harik eta bide artistikoa jarraitzea erabaki zuen arte. Garai horretan, bere kabuz irakurtzen hasi zen, antzerkia ikusten, zinemara joaten, idazten. Zeruko Argian kolaboratzen hasi zen, eta gero, poesia idazten.

Kantura bere emazte Lurdesek bultzatu zuen. Zeruko Argian eta poesia idazten zebilela, Ez Dok Amairuko kantariak izango zirenekin harremana izaten hasi zen, hots, Lurdes, Lertxundi, Lekuona eta abarrekin. Artean 21 urte zituen eta mugimendu berri bat taxutzeko asmoa zeukaten. Batzarretara joaten hasi zen, hasiera batean kantatuko zituzten abestien letrak idaztea zen bere lana. Lurdesek beti zirikatzen zuen, ea zergatik ez zuen kantatzen. 1966ko martxoaren 26an, Segurako kantaldian, Lekuona, Lertxundi eta Lurdesek kantatu beharra zeukaten baina Lertxundi gaixotu egin zen eta bertan kantatu zuen lehendabizikoz. Poeta Horiek eta Lore Gorrien Balada kantatu zituen, baita Uztapide eta Xalbadorren kantu batzuk ere. Gero soldaduskara joan beharra izan zuen, baina itzuleran, kantaldietan parte hartzen hasi zen.

Poesia esan ezin zuena nolabait esaten saiatzeko erabiltzen zuen Letek. Sarritan galdetu omen zioten poema baten esanahiaz, baina, bera ez zen gauza izaten galdera hari erantzuteko. Ez omen zuen sekula “gai horretaz idatziko dut” pentsatzen. Barruan zeraman eta sarritan zehaztea zaila zitzaizkion sentimendu, hunkidura eta minak hitz batzuetara eramateko bidea zen berarentzat poesia. Beretzat lan zaila zen hori, lortuz gero oso ederra.

Leteren poesiak eboluzio bat jasan zuen. Hasieran, gaztetan, poesia garratz xamarra idazten zuen, ironikoa… modu kritiko eta  sarkastikoan. Bere inguruko gizarte gaiez idazten zuen. Gero aldatzen hasi zen, poema surrelistagoak idatziz. Fantasiarekin eta bere barnean zeramatzan irudi ero batzuekin jolasten hasi zen. Urrats Desbideratua hirugarren liburuarekin, poesia kontzeptualagoa idazten hasi zen. Eta azkenengo bi liburuetako poesia, Biziaren Ikurrak eta Zentzu Antzaldatuen Poemategia liburuetakoa, barnekoiagoa eta espiritualagoa da.

Gaztetatik pesimista izan zen, bizi izandako pasarte batzueta maila eman ez zuelako. Tipo zuzena izan nahi zuen, eta beti ez zen horrela izan. Gizartean zeuden porrot eta hutsuneek pesimista egin zuten. Bere hitzetan, gauza politak ikusi eta bizitu izan zituen, ontasun asko, kariñoa,… Irakaspen oso onak. Baina gero koletillak ikusten zituen, bere esanetan joera baitago, gauza onak era txarrera joateko; usteltzeko.

Bost poesia liburu argitaratu zituen Letek, besteak beste, Abestitzak eta Poema Kantuak (2006) eta Egunsentiaren Esku Izoztuak (2008) eta bere kantuekin bospasei disko. Bertsolaritzari buruzko disko batzuk ere argitaratu zituen.  Bertsolaritzaren antologia betidanik bertsozalea izan delako egin zuen.

Literatur mundua albo batera utzi zuen, politikagintzan buru belarri sartzeko. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura sailean aritu zen, zuzendari nagusi lehenik eta gero sailburu. Gaixotasunak, baina, alor eta zeregin publikoa alde batera uztera behartu zuten.

Emaztea, Lurdes, eta berak gaixotasun larriak bizi izan zituzten. Lurdes Iriondo, gaztetan hemeretzi bat urte zituela diagnostikatu zioten gaixotasun larri baten ondoren hil zen 2005ean 68 urte zituelarik. Beraien bizitzan sufrimendua beti pairatu izan zuten, Letek berak esana da, bere esperientziatik abiatuta, senar emazteak gaixo egonda, sortzen den kontzientzia berri horrek, bi pertsonak elkarrengana sakonago eta seguruago lotzen dituela. Horrela izan omen zen Lurdes eta bere artean. Lurdes eta bera jakintsuago, sendoago, egiatiago eta lotuago egin omen zituen sufrimenduak.“Sufrimenduak lotu dituenak, eta leial iraun dutenak, betiko lotuta daude”.

XVI eta XVII mendeetako musika entzutea zuen gogoko. Monteverdi, Pasertrina, Bach…Euskal kantarien artean, Pier Paul Berzaitz eta Mikel Laboaren azkena zituen gogoko, baina, azken aldian Benito Lertxundiren kantuak entzuten zebilen murgilduta.  Denetarik irakurtzen zuen, filosofia, erlijioaren historiari buruz, narratiba, poesia, biografiak…

Azken urtean, hiru sari eskuratu zituen Letek. Batetik, Euskadi Literatura Saria eman zioten 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren Esku Izoztuak poesia-liburuarengatik. Bestetik, 2009ko apirilean Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kidea, hots, jakituna, izendatu zuten. Eta azkenik, aurten, 2010ean, euskaltzain izendatu dute. Berak esana da, maite izan dituenekin berraurkitzeko behar handi bat zeukala, batez ere Lurdes emaztearekin. Eta joan da Xabier Lete, euskal kulturaren ikur handienetako bat. Goain Bego.

Filed under: Basque Language

Etiquetas:

  • Etiquetas