Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

ADIMEN ARTIFIZIALA (Q.2)

abril 12th, 2009 · No hay Comentarios

Eragile arrazional ez bizidunen garapenean jarduten duen informatikaren arloari deritzogu adimen artifiziala, edo beste era batera esanda, ordenagailuak izaki bizidunen prozesu arrazional eta deduktiboak burutu ditzaten saiatzen den arloa da. Bere sorreratik bost hamarkada igaro badira ere, alor honetan egindako garapenak motelak eta urriak izan dira Jack Copeland-en ustetan. Adimen artifizialaren ikerketak adimenaren ezaugarri hauetan oinarritu izan dira batez ere: ikasketa, arrazoiketa, arazo-konponbideak, pertzepzioa eta lengoaiaren ulermena.

Orohar, adimen artifiziala bi pentsamendu-eskolatan banatzen da: adimen artifizial konbentzionala, arazo desberdinen aurrean giza jarreraren azterketa formal eta estatistikoan oinarritzen dena, eta adimen konputazionala, garapen edo ikaskuntza interaktiboarekin zerikusia duena.

Gizakia betidanik ahalegindu izan da izaki bizidunen ezaugarriren bat (adimena, bereziki) berdinduko duen tresna bat asmatzen. Grekoak izan ziren, batez ere Alexandriar garaian, era guztietako mekanismo automatikoak asmatu zituztenak. Horien bitartez, giza mugimendu naturalak imita zitezkeen, adibidez. Gerora, aurrerapen gehiago eman dira, esate baterako, 1950ean Carnegie Mellon Unibertsitateko laborategian Allen Newell-ek eta Herbert Simon-ek adimen artifiziala lortzeko egindako lehen saiakerak edota 1959an John McCarthy-k eta Marvin Minsky-k Adimen Artifiziala Laborategian burututako hainbat lan.

Azkenik, honako hau da Rodney Brooks-ek dioena: “adimen artifizialak porrot egin duela uste dute askok, baina egunean egunean adimen artifizialaren zantzu bat aurki dezakegu gure inguruan. Gure autoetan AA sistemak daude, baita hegazkinetan ere. Microsoft software-aren zati bat erabiltzen dugun guztietan AA sistema bat gure ekintzak kalkulatzen saiatzen da, eta bideo-joko batekin jolasten dugunean, AA sistema baten aurka jokatzen ari gara”.

 Iturriak:

Etiquetas:

  • Etiquetas