Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

DOKUMENTAZIO DIGITALA VS DOKUMENTAZIO TRADIZIONALA

octubre 30th, 2010 · No hay Comentarios

Dokumentaziotzat ulertzen dena zera da: gai jakin bati buruzko dokumentu bilketa eta dokumentu horien trataera, hedapen zehatza, osoa eta berehalakoa izan dezaten. Alor zientifikora eramanda, iturri dokumentalen komunikazio prozesua ikertzen duen zientzia da, ezagutza berriak eskuratzeko helburuz. Azken hamarkadetan jasaten ari garen iraultza teknologiko eta digitalaren ondorioz, dokumentazio moduak ere aldatu egin dira. Artikulu honetan dokumentazio tradizionalaren eta dokumentazio digitalaren arteko desberdintasunei buruz arituko naiz.

Dokumentazio digitalak iraunkortasuna eta ziurtasuna ematen die dokumentuei. Dokumentazio digitalak duen xedeetako bat arintasuna da, informazioa denbora-tarte laburrean eman ahal izateko. Horrez gain, informazio eskuratze hori ekonomikoa izan dadin ahaleginak egiten dira ere. Dokumentazio digitalean aurkitzen ditugun dokumentuak dinamikoak, aldakorrak eta pertsonalizatuak dira. Dokumentu digital hauek orrialdeak pasatuz irakur daitezke, hau da, ez dira linealki irakurri behar. Dokumentu digital bati orrialde edo paragrafo baten edukia alda geniezaioke dokumentu osoa aldatzeko beharrik gabe. Era berean, zenbait dokumentuk modifikatuak izateko aukera ematen dute irakurlearen eskaeren arabera. Irakurleak edukiaren inguruko iruzkinak eta galderak egin ditzake, hortaz, badago dokumentu digitalaren eta irakurlearen arteko nolabaiteko komunikazioa; badago erantzun bat, erreakzio bat. Hain zuzen ere, horretan datza interaktibitate delakoa. Dokumentu digitalek informazioa arazo barik helaraz dezakete, izaera multimediatikoa dutela esan daiteke, hau da, informatzeko bide anitzak eskaintzen dituzte.

Dokumentazio tradizionala dokumentazio digitalaren sorrera baino lehenago geneukan dokumentazio mota da. Paperezkoa izan ohi da eta honek galkorragoak egiten ditu dokumentuak. Dokumentu tradizionalen irakurketa pasiboa da, hots, dokumentuak esan egiten du eta irakurleak antzeman; edukiaren gaineko galderak bere buruari baino ezin dizkio egin, eta irakurtzen jarraitu beharko du erantzuna existitzen den jakin ahal izateko. Gainera, irakurleak ezin dizkio dokumentuari eduki berriak erantsi. Dokumentu tradizionalak ez du kanpoko loturetarako edo interaktibitaterako aukerarik ematen, beraz, linealki irakurri beharra dago. Informazioa helarazteko orduan, dokumentu tradizionalak mugatuta daude beren izaera monomediatikoagatik: testuak hitzaren bidez informatzen du, argazkiak irudiaren bidez eta grabaketak soinuaren bidez. Beraien artean osagarriak izan badaitezke ere,  funtsean, mezua bitarteko nagusiaren bitartez baino ez da hedatzen.

Iturriak:

Etiquetas:

  • Etiquetas