Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

EUSKALTZAINDIA

abril 23rd, 2009 · No hay Comentarios

Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu duen akademia ofiziala da. Zuzenbidez, Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten Eusko Ikaskuntzarekin batera.

Egoitza Bilboko Plaza Barrian du, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Baionako ordezkaritzekin batera.

Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau herrialdeetako aldundien babesean sortu zuten, Oñatin, 1918an.

Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: Resurreccion Maria Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Kanpion.

Erakundearen helburuak, era honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: “1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik.”

Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratuko zituena, eta ariketa lana burutuko zuen atala, hau da, gizarteko alor guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan batzarrak gazteleraz egiten ziren eta konpondu behar izan zituen arazoen artean euskara batuarena zegoen. Halaber, neologismoen ugaltze handiko garaiak ziren eta berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, lan horri ere ekin zion. Elerti lehiaketak antolatu zituen, euskara ikastegietan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak gertatu eta burutu eta bertsolari txapelketak antolatu zituen. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko “Euskera” aldizkaria sortu zen.

Euskararen arazoaren inguruan biltzarrak antolatzen ditu; lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruz arauak eta erabakiak hartu zituzten: idazkera, joskera, jokabidea, aditza eta hiztegia. Euskaltzaindiak bigarren aldi horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), hiztegigintza erabakiak, idazkera landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), eta abar.

Azken urteotako lanak, “Orotariko Euskal Hiztegia”, “Euskararen Herri Hizkeren Atlasa”, “Euskal Gramatika” eta “Hiztegi Batua” izan dira.

BIBLIOGRAFIA:

* http://eu.wikipedia.org/wiki/Euskaltzaindia

Etiquetas:

  • Etiquetas