Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

JOSEBA SARRIONANDIA

octubre 7th, 2008 · No hay Comentarios

Inok agintzen ez didalako

dut maite

maite dudana.

Inork agintzen ez didalako

ditut basamortua eta izarlokak maite.

Itsasontzi noragabeak, gauerdiko biolinak

ilunabarren margoa, xorino hezurttoen higidura,

sagarrondoetan eskegiriko bihotz horik,

tristura handiegia zaien neskatxak

eta zure irria, zure irria ere

inork agintzen ez didalako

dut maite.

“Inok agintzen ez didalako” izeneko poema hau gure herrian aski ezaguna den Joseba Sarrionandiak idatzitakoa da. Askoren iritziz Euskal Herriak inoiz eman duen poeta onenetarikoa dugu, baita esanguratsuena ere. Izan ere, izugarri liluratzen gaituzten poemak eta bere bizitzako zenbait gertaera dela eta euskaldun gehienentzat sinbolo eta erreferentzi bilakatu da.

Joseba Sarrionandia Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta fonetikako irakasle izan zen Bergarako UNEDen. POTT bandaren kideetako bat izan zen eta hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lehen lanak. 1980an espetxeratu zuten ETAko kidea zela eta. Bost urte geroago, 1985eko uztailaren 7an Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuen, bertan egon zen kontzertua amaitu zenean bafle batean sartuta. Harrez gero, erbestean bizi da, baina literaturaren bidez ematen digu urtero bere berri (bere ahotsa entzuteko aukera ere izan dugu azkenaldian zenbait grabazioren bidez). Hauek dira bere obra batzuk: “Izuen gordelekuetan barrena”, “Hau da ene ondasun guztia”, “Narrazioak”, “Hitzen ondoeza”, etab. Aipatu beharra dago bere poema asko musikatu egin dituztela hainbat abeslarik, Oskorrik, Ruper Ordorikak, Mikel Markezek, besteak beste. Horrez gain, Kortatu taldeak bere omenez idatzi zuen “Sarri, sarri” abestia, Sarrionandiaren ihesari buruzkoa.

Argi dago bere bizitzan jazotako gertaerek garrantzi handia izan dutela bere lanetan. Espetxeratua izan baino lehenagoko lanak ezagutzen ez baditut ere, gartzelatik ihes eginda idatzi dituen poema ugari irakurri ditut eta hauetan oso garbi sumatzen dira bere sentimenduak, esate baterako, Euskal Herritik urrun egoteak eta bueltatu ezin izanak eragiten diotena, edota gartzelan bizi izandakoa. Gai hori poema askotan jorratu arren, ez du era bortitzean egiten, nahiko gozo baizik, umorezko keinu batez akaso.

Non ote dago Joseba Sarrionandia? Ze itxura izango ote du gaur egun? Ziur nago noizbait denok egin dizkiogula galdera horiek geure buruari, erantzunik gabeko galderak direla jakin arren. Dena den, beti izango dugu gogoan bere liburuetan agertzen den argazki txikia, irribarre apalarekin agertzen den argazki hura.

 Bukatzeko, Harkaitz Cano euskal idazlearen hitzak aipatuko ditut: “los poemas de Sarri son limas que viajan dentro del pan y que nos ayudan, además de a limar los barrotes, a descolgarnos por las sábanas de la vida diaria”.

 

      

Etiquetas:

  • Etiquetas