Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

KILOMETRO ZABALAK EUSKARAZ

octubre 7th, 2008 · No hay Comentarios

           Iritsi zen eguna. Hezkuntza euskaldunarekin hitzordua izan zuten milaka euskaldunek aurreko igandean, kilometroak ospatu baitziren Irurako eskolaren eskutik. Hainbat ekitaldik eman zioten bizitasuna Gipuzkoako ikastolen festari. Urtero bezala, lelo bat oinarri bezala, “Eraikitzen”.

Kilometroen ekimenik nagusiena aurreko urteetan bezala ikastola edifizio berriak eraikitzea da, izan ere, hezkuntza funtsa bada, hori garatzeko infraestrukturak behar-beharrezkoak dira. Beraz, hori izan da gehien bat lortu nahi dena. Hala ere, ekimenak orokorrean jomuga edo helburu gehiago ditu. Horien artean, ikastolen proiektua ezagutaraztea eta horrekin batera bultzada bat ematea, Euskara indartzea, euskal kulturaren ezagutza zabaltzea eta elebidun zein elebakarren artean zubiak eraikitzea.Gainera, egun aproposa aukeratu zuten festa ezagun hau egiteko, alegia, egun hartan bertan, hilaren bostean, Euskara Batuaren sorkuntzaren 40.urteurrena ospatzen zen eta.

          Bestalde egitarauari zegokionez ekitaldi aunitz izan zituzten Iruran, etxeko txikitxoenetatik hasita helduetan amaituz; denek izan zuten ondo pasatzeko aukera eguraldi ederraren laguntzaz. Festaren antolakuntzari buruz esan genezake, aurreko urteetan bezala, jaialdia gune ezberdinetan partekatuta zegoela, hori bai, gune guztiak herrian barrena izan ziren. Horietan ekitaldi ezberdinak egon ziren. Horietako batzuk jende gaztearentzat prestatuak zeuden eta arrakasta gehien izan zuten ekintzak kontzertuak izan ziren dudarik gabe, hori bai, euskal musika izan zen bertan entzun izan zitekeena.Txikienek berriz, hainbat ekintza izan zituzten aukeran: puzgarriak, aurpegi margoketa, karaokea eta abar luze bat egun bikain bat igarotzeko.

         Orain hurrengo urterarte itxoitea besterik ez zaigu geratzen. Jakin ezazue hitzordua dugula hurrengo urtean Donostian, Zurriolako eskolaren eskutik, “Kilometroak ´09”. Hurrengoak leloa aldatuko du baina funtsean aurtengoaren behar eta helburu berdinak izango ditu. Denon laguntza ezinbestekoa da. Hara joatea gonbidatzen zaituztet, ederki pasako dugu. Ea bertan ikusten garen.

 

                                                                                                                                                   Naroa Perez

 

 

      

Etiquetas:

  • Etiquetas