Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Liburu elektronikoa, etorkizuneko liburua?

enero 18th, 2010 · No hay Comentarios

Liburu elektronikoa da etorkizuneko liburua. Hau liburu baten bertsio digitala da. Gaur ebook, liburu digital edota liburu elektroniko bezala ezagutzen dugu. Oraindik ez du garapen handia izan, ez delako lar ezaguna jendartean baina denboraren poderioz gurera ere iritsi da.

Durangoko Azokan ikusgai jarri zuten ebook-a. Jende asko hurbildu zen liburu moderno hori zer ote zen ikustera: zaharrak, gazteak, umeak… Andoni Sagarna euskaltzaina izan zen etorkizuneko liburu honetaz hitz egin zuenetako bat. Berrikuntza izugarria da, oraindik beharrezkotzat ere hartzen ez dena, baina jada salgai aurki dezakegu Elkar eta Alberdania argitaletxeen eskutik Euskal Herrian. Ate joka omen dugula diote. Baina ez pentsatu mundu guztiak eskuratu dezakeen gailua denik. Ez da ez merkea, 250 euroko prezioa du. Liburuak faktore teknologikoez gain, sozialak ere baditu eta adituen hitzetan “gure artean luzaroan geratzeko etorri den tresna” omen da. Ea noiz iristen den ba, hori hala izan dadin.

Baina liburu elektroniko honek paperezko liburua ordezkatuko ote du? Galderak airean dirau. Liburu tradizionala baino  nahiago izango al dugu digitala? Paperezko liburuak eskuartean dugunean ematen digun sentsazioa eta irakurtzen dugunean piztarazten digun emozioa, orriak pasatzeak, liburu elektronikoak sortaraziko dizkigu ala? Paperaren tradizioak jarraitzaile sutsuak ditu eta ebook-ak oso gaitz izango du papera eta tinta guztiz ordezkatzearen ideia.

Durangoko Azokan euskal literaturak liburu elektronikoan izango zuen tokiaz jardun ziren. Oraindik ez dakite nolakoa izango den bilakabidea baina dena digitalizatzeko asmoa omen dago, hori bai gutxinaka gutxinaka eta instituzioei interesatzen zaizkien liburuak digitalizatuz, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango baita euskal literaturaren digitalizazioa.

Momentuz paperezko liburua darabilgu esku artean eta urte batzuetan behintzat halaxe jarraituko dugu. Baina noiz emango dugu aldaketarako pausua? Ba al gaude horretarako prest? Adi egon beharko dugu aurrerantzean teknologia berriak guretzat pretatuta dituzten sorpresetaz.  Beti agertuko zaigu aho zabalik uzten gaituen zerbait.

Iturriak:

Durangoko Azokaren web orria: http://www.durangokoazoka.com/

Libro electrónico, Wikipediatik. Orria: http://es.wikipedia.org/wiki/Libro_electr%C3%B3nico

Etiquetas:

  • Etiquetas