Juntagailu hautakari bi hauek oso antzekoak dira. Hona hemen labur-labur berauen ezaugarri nagusiak:
- Normalean juntagaiak perpausak baino atal txikiagoak izaten dira; izen-sintagmak, adizlagunak, aditzondoak, partizipioak…
- Gehienetan, orobatasuna adierazten dute; hau da, hiztunari berdintsu zaio bata zein bestea aukeratzea.
- Juntagaiak izen-sintagma dekinatuak direnean, normalean kasu-marka bietan jarri ohi da. Ala ere, juntagai biei dagokien hitzen bat (zenbatzailea, erakuslea, izenondoa…) egonez gero edota zerrenda luzeak izanez gero, azken juntagaian baino ez da jarri ohi. Adibidez: Iruñea, Baiona, Gasteiz, Donostia nahiz BilboN har dezakezu autobusa.
- Normalean bi juntagairen artean agertzen bada ere, zenbaitetan juntagai bakoitzaren aurrean ere aurki daitezke, balio banakaria hartuz.
Bestalde, aipatu beharra dago zenbait hizkeretan, nahiz-en ordez, nahi aldaera erabiltzen dela. Hala ere, gaur egungo euskara batuan badirudi nahiz aldaera nagusitzen dela.
Erabilerak
Hona hemen nahi(z) eta zein juntagailuen zenbait adibide:
*Larunbatean NAHIZ igandean joan gaitezke. *Pobre ZEIN aberats, zuri NAHIZ beltz, denok gara pertsonak. *Gazte ZEIN zahar, hemen denek lan egin behar dute. *Hori NAHIZ beste edozein har dezakezu; berdin dio. *Sagar, madari, laranja NAHIZ beste edozein fruta jan dezakezu. *Nondik joaten da? Ezkerretatik ZEIN eskuinetatik joan daiteke. *Anton egunero joaten da mendira; eguraldi ona ZEIN txarra egin. *Agertu ZEIN agertu ez, azken batean, niri berdin dit.
Juntagailu hauek juntagai bien artean jarri ohi dira. Hala ere, zenbaitetan, juntagai bakoitzaren hasieran ere aurki daitezke, alborakuntza gauzatuz.