Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Ohiko dokumentazioa Vs dokumentazio digitala

noviembre 5th, 2010 · No hay Comentarios

Informazioaren teknologia berriek errotik aldatu dute “informazioaren gizartea” deitzen den honetan burutzen den edozein lan egiterako orduan jarraitzen diren prozedurak. Aipatutako aldaketa hau nabarmen antzeman daiteke hedabideetan, hezkuntzan eta, nola ez, biblioteketako artxiboetan edota informazio eta dokumentazio zentruetan. Arlo zientifikoan ematen diren aurrerapenei esker, gero eta ugariagoak dira aldizkari elektronikoak, sarean kontsultatu daitezkeen lanak eta sarean dauden tesiak. Honek abantaila itzelak dakartza, izan ere, posible bihurtzen du dokumentu batetik harremanduta dagoen beste dokumentu batera joatea, horren inguruko informazio gehigarria topatzea…eta hori dena, saguaren klik huts baten bitartez.

Honen denaren atzean dago, nola ez, Internet, eta baita bere ondorioz sortu diren Extranet eta Intranet ere. Hauei esker, edozein profesionalek zeinahi informazio kontsulta dezake edo berak ekoitzitako informazioa sortu eta hau sarean integra dezake, gainontzekoek informazio hau baliatzeko aukera izan dezaten.

Bi dokumentazio metodoen arteko ezberdintasunak azaltzerako orduan, aspektu ekonomikoari emango diot nik garrantziarik handiena eta ezinbestean aipatu behar da baliabide digitalak bultzatzeak dokumentazioaren merketzea dakarrela, segidan emango diren arrazoiak direla tarteko.

1- Dokumentazio tradizionalean datu-base garrantzitsua egin nahi bada, leku erraldoia behar da. Horren adibide ditugu zenbait lekutan dauden artxibo eta liburutegi nazionalak, baina unibertsitate batek horrelakorik eduki nahi izatekotan, eraikin handi bat eraiki beharko luke; horrek dakartzan kostuekin noski. Dokumentazio digitala bultzatuz gero aldiz, dena web orrialde batean egongo litzateke, tarterik betetzen ez duena, eta hortaz, lehenengo arazo hau konponduta legoke.

2- Paperean argitaratzen diren aldizkari eta liburu zientifikoak oso garestiak dira ale gutxi egiten direlako. Inprenta batera eraman eta ale gutxi egiterakoan, ale bakoitzaren prezioa igo egingo da, kostu ez-aldakorrak berdinak direlako liburu gutxi edo asko egin eta ale gutxiago dagoelako kostu horiek banatzeko. Dokumentazio digitalean aldiz, behin aldizkari edo liburua eskuragarri jarrita berdin du pertsona gutxik ikustea, kostua berdina izango da beti eta askotan gainera, ez da inongo kosturik egongo.

3- Ohiko liburu eta aldizkarien banaketa zaila eta oso garestia izaten da liburutegi bakoitzera ale bakar batzuk baino ez direlako eramaten. Materiala interneten eskuragarri jartzerakoan aldiz, denen esku jartzen da aldi batean eta banaketa prozesu hau desagertu egiten da, honek dituen kostuen desagerpenarekin batera.

4- Ekoizpen zientifikoa astiro joaten da unibertsitate bakoitzaren departamentuaren barruan burutzen delako eta argitaletxe txikietan eta askotan, unibertsitate barrukoetan burutzen delako, beraz, argitaletxe horrek daukan lanaren eta bere langileen menpe egoten da lanaren argitalpena. Garai digital honetan aldiz, lanak argia ikustea ez da geratzen inoren esku, zientzilari bakoitzak erabaki dezake noiz nahi duen munduarekin elkarbanatu, izan ere, lana amaitzen den momentutik bertatik jarri baitaiteke besteek ikusteko moduan.

Lau zutabe hauetan oinarritzen da batez ere nire argudiaketa baina alderdi ekonomikoa alde batera utzita, beste bi aspektu nabarmentzea gustatuko litzaidake. Batetik, dokumentuak formatu digitalean egoteak hauek uneoro aldatzeko aukera izatea ahalbidetzen du, hau da, ez dago dokumentuak atzean geratzeko arazorik etengabe aldatu eta moldatu baitaitezke.  Bestetik, bilatzen ari garen dokumentua topatzea ez da aspaldi zen lan nekeza izango, orain kategorien arabera bilatzearekin edo izenburuko hitzak sartzearekin lana eginda izango baitugu.

Aipaturiko abantaila guztiak direla eta, (eta aspektu sentimentala alde batera utzita desabantailarik topatu ez dudala kontuan izanda), argi ikusten dut dokumentazioaren etorkizuna dokumentazio digitala dela eta  ohiko dokumentazioa desagertze bidean dagoela, izan ere, sostengaitza da horrelako formatoa hainbeste informazio sortu eta moldatzen den gure garai honetan.

Iturriak:

Alfonso López Yepes.  “Documentación digital y nuevas tecnologías de la información” (Madrid, 2001). 2010eko azaroaren 1ean bisitatua ondorengo web gunetik: http://multidoc.rediris.es/cuadernos/num13/talleres/pdf/Radio_YEPES.pdf

Jesús Tramullas. “Tendencias en documentación digital” (Gijón, 2006). 2010eko azaroaren 2an bisitatua ondorengo web gunetik: http://www.scielo.org.ar/scielo.php?script=sci_arttext&pid=S1851-17402008000200009

Manel Català Viudez. ”La conservación y preservación de ladocumentación digital en las bibliotecasespecializadas de la Generalidad de Cataluña” (apirilak22-23, 2010 Bartzelona).2010eko azaroaren 2an bisitatua ondorengo web gunetik: http://www.ifla.org/files/government-libraries/ConferencePapers/2010Barcelona-Heideprem-Spanish3.pdf

Etiquetas:

  • Etiquetas