Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Orotariko Euskal Hiztegia (taldeko lana)

marzo 22nd, 2011 · No hay Comentarios

Sarrera

Orotariko Euskal Hiztegia (OEH siglez ere ezaguna) Euskaltzaindiak egin duen lanik handienetako bat da,  lexikografian ari direnentzako ezinbesteko baliabidea izanik. Hiztegi historiko honetan euskararen aro eta euskalki guztietako idazkietako lexikoa jaso eta antolatzen da. Orotariko Euskal Hiztegia hamasei liburukitan argitaratuta dago: lehena 1987an argitaratu zen paperean eta  16.a 2005ean. Ikertzaile eta erabiltzaile orok erraztasunez kontsulta dezan Euskaltzaindiak Internetez eskaintzen du hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoa, orrialde honetan eskuragarri dagoena: http://www.euskaltzaindia.net/oeh

 

Babeslea eta bultzatzailea

Aztertzen ari garen hiztegi hau Euskaltzaindiak bultzatua da. Koldo Mitxelenak, Euskaltzaindiaren enkarguari jarraituz, eman zion hasiera ekimen honi 1984. urtean euskararen ondare lexikografiko zabala biltzeko helburuz. Hasiera batean, lan hau burutzeko 50 urte lehenago (1955ean) Azkuek argitaratu zuen Diccionario Vasco-Español-Francés obra eguneratu, zuzendu eta osatzen hasi zen. Dena den, lehen saiakera honek ez zuen atarramendurik  eman, alde batetik lana oso astiro zihoalako eta, bestetik, La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak Azkueren hiztegia berrargitaratu zuelako. Beraz, ekimen hau aurrera ateratzeko beste irtenbide bat aurkitu beharrean zeuden eta Mitxelena ohartu zen hiztegia osatzeko lan-talde zabala beharrezkoa zela, lan mardulagoa egitea ezinbestekoa baitzen. Mitxelenaren  heriotzaren ondoren (1987an) Ibon Sarasolak hartu zuen ekimen honekin jarraitzeko ardura.

Gainera, web orrialdean agertzen diren dokumentu, zerrenda eta datu-baseak  Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude. Creative Commons  sormenezko lanak partekatzeko traba legalak murriztea helburu duen erakundea da, 2001ean sortua.


Irudi horien bidez adierazten dena zera da: dokumentu hauekin egin daitekeena edo ezin egin daitekeena. Hauek dira esanahiak:

Aintzat hartzea: material hauek banatu, kopiatu eta erakus daitezke.

Ez-komertziala: material hauek banatu, kopiatu eta erakus daitezke erabilera komertziala ez den bitartean.

Share alike: guk sortutako materiala alda eta bana daiteke baina beti ere material originalaren lizentzia pean.

 

Corpusa

Hiztegiaren corpusa osatzeko 1970eko hamarkada arterainoko 310 obra oso aukeratu zituzten. Hortik, 5.800.000 hitz atera zituzten. Idazki horietatik kanpo dagoen lexikoa ez da Orotarikoan azaltzen.

Erabilitako hizkuntzak

Esan bezala, euskarazko hiztegi bat da; hitz-sarrerak eta adibideak euskaraz azaltzen dira, baina azalpenak gaztelaniaz edo frantsesez ematen dira, eta kasu askotan bi hizkuntzetan. Hala ere, ezin dezakegu esan hiztegi hau guztiz elebiduna denik, euskal hitzen gaztelaniazko eta batzuetan frantsesezko ordainak ematen badira ere, ez baitira alderantziz ematen.

Hitz-sarreren egitura

Orotariko Euskal Hiztegiak 125.987 sarrera biltzen ditu eta honela egituratzen dira:

  1. Hitza.
  2. Hitzaren aldaerak eta aurreko hiztegigileek hitzari buruz esandakoa.
  3. Aldaera bakoitzaren euskalkiak.
  4. Aldaeraren idatzizko lehen erabileraren urtea (gehienetan).
  5. Hitzaren esanahia.
  6. Literatur tradizioko adibideren batzuk.

Adibide hauekin argiago ikusiko dugu OEHaren hitz-sarreren egitura: Eguzki izena:

 

Adibidean ikus dezakegunez, lehenengo eta behin hitz hau zein euskalkitan erabiltzen den azaltzen da: bizkaiera (V), gipuzkera (G), goi-nafarrera (AN), lapurtera (L), Donamartiriko behe-nafarrera (BN-arb) eta erronkariera (R). Ondoren hitz hau zein autorek erabili duten azaltzen da: LANDUCHIUS (Lcc), ECHAVE (Ech), MICOLETA (Mic), DEEN (Deen), URTE (Urt), LARRAMENDI (Lar), AÑIBARRO (Añ), DUVOISIN (Dv) eta HARRIET (H). Autoreen ostean eguzki hitzaren aldaerak agertzen dira, besteak beste: egoski, egozki, eguski, eguzku, euski, euzki, iduzki, iguski, iguzki, iluzki, iruzki, iuzki. Azkenik zenbait erreferentzia bibliografiko daude.

Azalpen hauen ondoren hitzaren esanahia azaltzen da eta hiztegi honetan, gorago esan dugun bezala, gaztelaniazko ordainaren bidez egiten da. OEHn eguzki izenak hiru esangura ditu. Hainbat adibide ematen dira  (hauetako batzuk frantsesez daude) eta zein liburutan agertzen diren ere aipatuta dago.

Orotariko Euskal Hiztegiak azpi-sarrerak (bai eguzki hitzarekin konposatuak bai eratorriak) ere eskaintzen ditu eta  kasu honetan anitzak dira. Hitz-sarrera nagusiaren azpian agertzen dira zerrenda batean eta hauetariko batean klikatuz hitz horren sarrerara joan gaitezke. Esaterako, eguzki-lili, eguzki-ospel, eguzki-sortze; eguzkialdi, eguzkipeko, eguzkiratu, eta abar.

Lotsati izenondoa:

 

Adibidean ikus dezakegunez, lehenengo eta behin izenondo hau zein euskalkitan erabiltzen den azaltzen da: bizkaiera (V) eta gipuzkera (G). Gero, zein autoreek erabili duten: LARRAMENDI (Lar) eta AÑIBARRO (Añ). Ondoren, berriro agertzen dira lehenago aipatutako euskalkiak; eta honen ostean, autoreak agertzen dira berriz: IZTUETA (Izt), MOGUEL (Mg) eta DUVOISIN (Dv). Autoreen aipamena egin ostean, berriro aipatzen dira aurreko bi euskalkiak (V, G); hots; bizkaiera eta gipuzkera. Amaitzeko, azken autore bat aipatzen da: HARRIET(H).

Autoreen ostean lotsati izenondoaren aldaera bakarra agertzen da: Lotzati. Aldaera hau zein euskalkitan agertu den azaltzen da jarraian: Bergara eta Salinas-eko aldaeretan (V-gip). Honen ostean, aldaera hau erabili duten autoreak aipatzen dira: AZKUE (A), IZAGUIRRE (Iz), ETXEBARRIA (Etxba) eta ELEXPURU (Elexp).

Azalpen hauen ondoren hitzaren esanahia azaltzen da . Aztergai dugun hiztegi honetan lotsati izenondoak hiru esangura ditu. Hainbat adibide ematen dira adiera bakoitzean, eta zein liburutan agertzen diren aipatzen da ere.

Orotariko Euskal Hiztegiak izenondo honekiko lotura duen azpi-sarrera bakarra eskaintzen digu: lotsatiro.

Ikusi aditza:

 

Lehenengo eta behin ikusi forma orokorra (gral) zein autorek erabili duten azaltzen da: VOLTOIRE (Volt), POUVREAU (SP), LARRAMENDI (Lar), AÑIBARRO (Añ), DUVOISIN (Dv), HARRIET (H), DEEN (Deen), URTE (Urt), HARRIET, Martin (Ht) eta ARCHU (Arch). Ondoren, ikusi aditzaren aldaerak agertzen dira eta honekin batera, zein euskalkitan erabiltzen diren eta zein autorek erabili dituzten: ekusi Orozkoko bizkaiera (V-oroz), gipuzkera (G), Gipuzkoako, Larrauneko eta Arakilgo goi-nafarrera (AN-gip-larr-araq); ekosi Orozkoko bizkaiera (V-oroz); kusi Ulzamako, Erroko eta Gulinako goi-nafarrera (AN-ulz-erro-gulina), baztanera (B), Cizeko eta Baigorriko baztanera (BN-ciz-baig) eta ukusi Gernikako eta Bermeoko bizkaiera (V-ger) eta Burunda eta Etxarri-Aranazko gipuzkera aldaera (G-nav). Azkenik, beste bi adibideetan bezala, zenbait erreferentzia bibliografiko daude.

Azalpen hauen ondoren hitzaren esanahia da agertzen dena. Lehenengo eta behin, tradizio literarioa (tr) azaltzen da eta jarrian Ikusi hitzak dituen sarrerak: lau sarrera ditu aditz moduan, eta beste lau izentzat hartzen badugu.

Azkeneko adibide honetan ere azpi-sarrerak azaltzen zaizkigu. Hala nola, ikusiarena egin, ikusi arte, ikustera utzi, ikusiezin, ikusmin, ikusizale, ikusi-makusi, eta abar.

Laburdurak bi ataletan banatzen dira: lehenengoan, orokorrak ditugu. Adibidez:

 

Ikus daitekeenez, mota guztietako laburdurak biltzen dira atal honetan. Alde batetik, hitz-kategoriei dagozkienak dauzkagu, hala nola adj (izenondoa), sust (sustantiboa), vb (aditza) eta abar. Beste alde batetik, hizkuntza desberdinen laburdurak dauzkagu, esaterako: esp (espainiera), fr (frantsesa), cat (katalana), gal (galesa), vasc (euskara), irl (irlandesa) port (portugesa), eta abar. Gainera, morfosintaxiarekin zerikusia duten zenbait hitzen laburdurak ere badaude: art (artikuloa), decl (deklinabidea), erg (ergatiboa), gen (genitiboa), conj (konjunzioa), intrans (intrantsitiboa), eta abar. Azkenik, bestelako laburdura batzuk ere azaltzen dira atal honetan, besteak beste, ant (antzinakoa), arc (arkaikoa), euf (eufemismoa),  gral (orokorra), litm (literalki), princ (hasiera), tit (izenburua), eta abar.

Bigarrenean, euskalki, azpieuskalki eta aldaerak agertzen dira. Esaterako:

Multzo desberdinak egin daitezke bigarren atal honetan ere: alde batetik, euskalkiak azaltzen dira: V (bizkaiera), G (gipuzkera), AN (goi-nafarrera), L (lapurtera), B (baztanera), BN (behe-nafarrera), S (zuberera) eta R (erronakariera). Bestetik, euskalki bakoitzaren azpieuskalki eta aldaerak ere agertzen dira. Bizkaieraren kasuan: V-ger (Gernika eta Bermeo aldeko aldaera), V-gip (Bergara aldekoa), V-al (Araba aldekoa), eta abar. Gipuzkeraren kasuan: G-azp (Azpeitia aldeko aldaera), G-bet (Beterrikoa), G-nav (Nafarroa aldekoa), eta abar. Goi-nafarrerari dagokionez: AN-gip (Gipuzkoa aldeko aldaera), AN-larr (Larraunekoa), AN-ulz (Ultzamakoa), eta abar. Lapurteraren kasuan: L-côte (Donibane Lohizuneko aldaera), L-sar (Sarakoa), L-ain (Ainhoakoa), eta abar. Behe-nafarrerari dagokionez: BN-or (ekialdeko aldaera), BN-baig (Baigorrikoa), BN-lab (Lapurdikoa), eta abar. Zubereraren kasuan bi azpieuskalki azaltzen dira: S-no (ipar-ekialdekoa) eta S-bas (Basaburukoa). Azkenik, erronkarierari dagokionez: R-is (Isabako aldaera), R-uzt (Uztarrozekoa), R-urz (Urzainkikoa), eta abar. Baztaneraren kasuan ez da azpieuskalki edo aldaerarik azaltzen.

 

Bibliografia

Hauek dira Interneten Orotariko Euskal Hiztegiari buruz idatzitako zenbait artikulu eta lan:

 

Egileak: Irati Garaioa, Idoia Ibarluzea eta Amaia Navarro

Etiquetas:

  • Etiquetas