3- XVIII. mendeko euskal literaturaren ibilbide eta idazleak.
XVII. mendean, literatura lapurteraren loraldia izan genuen, Sarako Eskolako idazleen eskutik. Mende honetan aipatzekoak dira, baita, Zuberoako idazleen lanak. Hortaz, XVII. mendea iparraldeko idazleen mendea izan zela esan dezakegu. XVIII. mendean, aldiz, hegoaldeak hartuko du literaturaren gidaritza. Iparraldean, aurreko mendeko loraldi ekonomiko-kulturalaren ostean gainbehera etorri zen., iparraldean aurreko mendeko idazleen jarraitzaileak izango ditgu, batez ere, eta Sarako eskolatik sortutako ereduari jarratzen diotenak.
Hegoaldean, aldiz, XVIII. mendeko egoera bestelakoa zen. Espainian Carlos III.ak bultzatutako ilustrazioaren espiritua Peñafloridako kondeak 1765ean sortutako Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-en bitartez sartu zen. Elkarte honetako partaideak eliteko nobleak ziren. Testuinguru honetan, gaztelaniazko gramatikak eta lanak argitaratu ziren eta honek euskarazko lanen gaineko debekua areagotzea ekarri zuen. Honez gain, 1767an jesuitak kanporatu zirenean, euskara lantzean zuten jesuita asko Italiara joatea ekarri zuela esan behar da.
Esan dugunez, hegoaldean kokatuko da XVIII. mendeko literaturaren loraldia. Hala ere, iparraldean idazle batek aipatua izatea merezi du: Joanes Etcheberri Sarakoa (Sara 1668 – Azkoitia 1749). Aipagarria da, alde batetik, euskal literaturako autore laikoetako bat dugulako. Lehen autore laikotzat Oihenart hartu izan da (Lazarraga aurkitu aurretik) eta bigarren autoretzat Sarako Etxeberri. Bestetik, Salaberrik dioenez, autore hau izan zen iparraldeko literaturaren loraldia hegoaldeko loraldiarekin tematikokiki, kronologikoki eta geografikoki uztartu zuen lokarria. Honi gehitu behar zaio, euskaraz idatzi zuen lehen apologista bera izan zela: Lau-urdiri gomendiozco carta edo gutuna (1718). Lan hau Lapurdiko biltzarrera zuzendutako gutun bat da eta euskarazko hezkuntza sistema bat sortzeko beharrizanaz dihardu. Horretarako bere lanen esku idatziak aurkezten ditu eta publikazioa finantzatzeko eskatu. Lanok, Diccionaro cuatrilingue – euskara, latina, frantsesa eta gaztelera-, euskaratik abiatuta latina ikasteko gramatika bat Euscual-herriari eta Escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latin ikhasteko, eta Euskararen Hatsapena dira. Azken hau latinez eta euskaraz dago idatzia eta euskararen ezaugarriak goraipatu eta euskararen aurkarien kontra egiten du. Azken batean, euskararen apologia egiten du bere lanen fnantziazioa eskatzeko. Batzarraren erantzuna bederatzi urte beranduago heldu zen eta ezezkoa izan zen. Honez gain, euskalkiak gaindituz eta literaturarako euskara batu bat egitearen alde azaldu zen eta horretarako Axularrek erabilitakoa proposatu zuen. Beraz, Axularren jarraitzaile sutsua izan zen eta Sarako eskolako lanen sustatzaile.
Hegoaldera salto egin aurretik, iparraldeko beste idazle bat aipatzea beharrezkoa dela deritzot: Pierre d’urte (Donibane Lohitzune 1664- Londres 1725). Frailea izan zen hasieran, baina gero artzain protestante bilakatu zen. Bere lan didaktikoak garrantzitsuak izan ziren, baina ez zen bere lanik argitaratu. Gramatika bat idatzi zuen ariketa batzuekin: Gramaire Cantabrique Basque (1712). Websterrek argitaratu zuen 1900ean. Latin-euskara hiztegi bat ere hasi zuen: Dictionarium Latino-Cantabricum (1715). Urkizuk argitaratu zuen 1989an. Testamentu zaharreko Genesia eta Exodoaren zati bat ere itzuli zituen. Honez gain, iparraldean sortutako lan guztiak erlijiosoak izan ziren:
- Joanes Haraneder (Donibane Lohitzune 1669-1750 ondoren). Pouvreauren itzulpenak berridazten ditu: Philotea (1749) eta Gudu Izpirituala (1750). Testamendu berriaren lehen itzultzaile katolikoa izan zen: Jesu Christo gure Iaunaren Testament berria (1740).
- Michel Chourio (Burdeos, 1720). Lapurterara Jesus Chistoren Imitacionea (1720) itzuli zuen.
- Martin Maizterrek zubererara Iesu-Kristen Imitacionea (1757) itzuli zuen.
- Andres Baratciarrek Guiristinoqui bizitceco eta hiltceco moldea (1784) argitaratu zuen, herri mailan, Duahalderenengandik bereizteko Meditazione ttipiak bezala ezagunagoa dena.
- Bernard Larreguyk, Uztaritz eta Basusarriko parrokoak, Royaumonten obra baten itzulpena egin zuen: Testament caharreco eta berrico historioa, (1775, 1777), bi liburukitan.
Hegoaldera pasatuta, literaturaren sustatzaile edo bultzatzailetzat Manuel Larramendi (Andoain 1690 – Azpeitia 1766) dugu. Bera izan zen hegoaldean idazten hasi zena eta bere jarraitzaileek eskola sortu zuten. Ondorengoa dio Villasantek Historia de la literatura vascan (1961): “A Axular y a Larramendi se les considera padres de los dos movimientos literarios que caracterizan a las dos vasconias, la francesa y la española”. Zehazte mailan, Larramendi gipuzkoako euskara literarioan kokatu behar dugu, beraz, gipuzkera literarioa Larramendirekin hasi zela esan genezake. Jesuita hau Salamancako eta Valladolideko unibertsitateetan filosofia eta teologia irakasle izan zen. Geroago Neoburgoko Marianaren, Carlos II.aren alargunaren konfesore izendatu zuten. 1733an Loiolako santutegira joan zen eta bertan bizi izan zen jesuitak kanporatuak izan baino urte bete lehenago hil zen arte.
Bere lanak aztertzen baditugu, plagintza bati erantzuten diotenak direla ikus dezakegu. Larramendi arduratuta zegoen, besteak beste, kanpoan eta baita Euskal Herri barruan ere euskara merpretxatu egiten zelako. Honez gain, Sarako eskolaren lana miresten du eta hegoaldean idazleak lo daudela ikusten du. Hortaz, hau guztia aldatzeko nahia agertu zuen eta bere lanak helburu horrekin argitaratu zituen. Honela, bere lehenengo lana apologia bat izan zen: De la antigüedad y universalidad del vascuence en España (1728). Euskaldunei daukaten altxorra erakutsi nahi izan zien eta euskararen aurkakoak mututu. Teoria vasco-iberista defendatu zuen. Euskara Espainiako hizkuntza zaharrena dela defendatu zuen, espainiarrak izatez euskaldunak zirela esanez. Euskal gramatikak duen erregulartasuna dela eta txundidura azaldu zen eta gramatikaren barne estruktura hau erabili zuen euskararen perfektutasuna goraipatzeko.
Hurrengo urtean, El imposible venciodo, Arte de la lengua bascongada (1729). “Vencedor de inposibles” deitu izan zaion hori argitaratu zuen. Izenburu hori jarri zion, hain zuzen, euskarak ez zuela ezertarako balio eta garamatikarik ez zuen hizkuntza zela esaten zutelako. Hau izan zen euskararen lehen gramatika (Oihenartek ere aurretik zerbait egin zuen, baina zirriborro bat da gramatika bat baino gehiago). Villasantek oso lan ona zela esan zuen, harrigarria dela lehenengo gramatika hain perfektua izatea, euskara oso ondo menperatzen zuela. Hiru partetan dago banatuta: deklinazio eta konjugazioak, sintaxia eta prosodia.
1745ean bere azken lana eta handiena argitaratu zuen: Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín. Hitzaurre oso luzea du eta bertan, Sarako Etxeberriren Diccionario cuatrilingüe erabili zuela aitortu zuen. Hitzaurre honetan gainera, hitz arruntak eta fakultatiboak banatzen dituela dio. Fakultatiboen artean, euskarak ez dituenak sortu dituela dio. Ez du zehazten non jartzen duen muga, zientifikoak ez diren hitz asko ere asmatu baitzituen. Berba asko berak asmatzea izan da, hain zuzen, kontrako kritiken hizpide. Hiztegi honen alderdi ahulen artean, etimologia asko asmatzen dituela ere aipatu behar da. Hala ere, kontutan hartu behar da hiztegi hau gaztelaniazko hitz guztiek euren euskarako ordaina dutela erakusteko egin zuela. Gainera, hitz asko herritik jaso zituen eta hau ere aitortu behar zaio. Alderdi ahulak alde batera uztita, lan handia izan zen, Villasanteren arabera “lan titanikoa”.
Larramendik argitaratu bako lanen artean, 1756 inguruan idatzi zuen Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipuzcoa aipatu behar da. Aita Fitak argitaratu zuen lan hau 1882an. Deskribapen ikaragarriak egiten ditu: ibaiak, baserriak, foru sistema, eliza, hizkuntza, dibertsioak e.a.
Bere lanaz ari garela, ezin da ahaztu dialektologia modernoaren aitzindaria izatea ere egozten zaiola, bai metodologiagatik eta bai euskalkiak sailkatzeko moduagatik ere. Askok Jovellanosi aitortzen diote aitzindari izatea, baina ez da ahaztu behar Jovellanosek Larramendiren lana ezagutzen zuela eta, beraz, bere lanaren eragina zuela. Larramendik jarraitzaile asko izan zituen eta eskola sortu zuela esan daiteke. Horien artean, aipagarrienak bere ikasle izan ziren Mendiburu eta Cardaberaz ditugu, besteak beste.
Sebastian Mendiburu (Oiartzun 1708 – Bolonia 1782) jesuita izan zen eta Larramendiren ikaslea Loiolan. 1725ean Iruñara destinatu zuten eta misiolari ibili zen Nafarroa guztian. Gizpuzkeratik oso hurbil dagoen goi nafarreraz idatzi zuen. Bere lanak ondorengoak izan ziren: Jesusen bihotzaren debozioa (1747) Croisseten liburuaren itzulpena, Jesusen amore-nequeei dagozten cembait otoitz-gai (1759-1760) orduko meditazio gaien itzulpena den liburu mardula eta Euskaldun onaren viciera, mezaren entzun-vide labur erreza, errosarioco amarrecoen hasiera, eta cembeit bederatz-urrun edo novena (1762), besteak beste.
Agustin Cardaberaz (Hernani 1703- Bolonia 1770) ere jesuita izan zen eta misiolari ibili zen Bizkaia eta Gipuzkoan. Aipatzeko da baita gramatikako irakasle bezala ere lan egin zuela eta urte batez Oñatiko unibertsitatean teologiako irakasle ere izan zela. 1736an Loiolara joan zen eta bertan egon zen jesuitak kanporatuak izan ziren arte. Predikatzaile moduan nabarmendu zen eta entzute handikoa izan zen. Produkzio handikoa, nagusiki gai erlijioso eta hagiografikoak egin zituen. Beste batzuen artean, aipagarriak dira P. Dutariren Vida Christianaren adaptazioa den Cristauen bicitza, edo bicitza berria guiteco bidea, bere amabi pausoaquin (1774) eta San Luis eta San Estanislaoren bizitzen narrazioa den Justuen ispillu arguia (1767). Erlijiozkoak ez diren lanen artean, Eusqueraren berri onac eta ondo escribitceco, ondo iracurtceco, eta ondo itzeguiteco erreglac (1761) aipatzekoa da. Bertan, euskararen bertuteak goraipatzen ditu eta Larramendiren eragina nabari zaio.
Larramendiren beste jarraitzaile bat Juan Antonio Ubillos (Villabona 1707 – Arantzazu 1789) izan zen.
DRAMATIKA
XVIII. mendeaz dihardugula, ezinbestekoa da dramatika aipatzea. Izan ere, mende honetan agertzen dira hegoaldean lehen testu dramatikoak, ilustrazio artzerkitzat jotzen direnak. Arlo honetan bi idazle aipatu behar ditugu: Pedro Ignacio Barrutia eta Xabier María Munibe “Peñafloridako kondea”.
Pedro Ignacio Barrutiak (Aramaio 1682- Arrasate 1759) Acto para nochebuena deritzan lana idatzi Kristoren jaiotza irudikatzea bilatzen du
Xabier Maria Munibe (Azkoitia 1729 – Azkoitia 1785). Aristokrata ilustratu, musiko, idazle eta batez ere arteen eta zientzien sustapenerako sortu zen Real Sociedad Vascongada de amigos del Paìsen fundatzaile izan zen.
Bere lan dramatikoaren izenburua El borracho burlado (1762) da. Nahiz eta autorearen lehen intentzioa dena euskaraz idaztea izan zen, dialektoa aukeratzerako orduan izandako arazoak (sinisgarritasuna dela eta) bi hizkuntzatan idatzitako lana izatera eraman zuen. Kantaturiko parteak euskaraz ematen dira eta gainontzekoa gazteleraz. Obrak Chanton Garrote edan-sarriari, bere emazteak noble ilustratu baten laguntzaz ematen dion eskarmentua eszenifikatzen du. Laneko musika berea izateaz gain, aktore moduan ere jarduten zuen beste ilustratu batzuen ondoan, esaterako arabar fabulista ezaguna zen Felix María de Samaniegoren ilobarekin. Lan honetaz gain (1762)an Azkoitian Gavon-sariac izenarekin argitaratutako eta Luisa de la Misericordia delako batek sinatutako lana ere berea dela uste da.
Bibliografia:
Aldekoa. I., 2004, Historia de la literatura vasca, Donostia, Erein.
López Gaseni. J.M., 2002, Historia de la literatura vasca, Madril, Acento.
Mitxelena. K., 1960, Historia de la literatura vasca, Madril, Minotauro.
Salaberri. P., 2002, Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte, Donostia, Elkar.
VV.AA.,1996, Los escritores. Hitos de la literatura clásica euskerica, Vitoria-Gasteiz, Fundación Sancho el sabio.
Villasante. L.,1961, Historia de la literatura vasca, Bilbao, Sendo.