Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

xix

junio 27th, 2012 · No hay Comentarios

4- XIX. mendeko euskal literaturaren ibilbideak eta idazleak.

            XIX. mendean, testuinguru historikoari begiratzen badiogu, 1789ko Frantziako iraultzan “askatasuna, berdintasuna, anaitasuna” lelopean espiritu eta egoera berrien etorreraren aldarria aipatu behar dugu. Honek, guztiz aldatu zuen Euskal Herriko iparraldeko bizimodua: hainbat elizgizonek alde egin behar izan zuten hegoaldera, aurreko egitura administratibo bereziak deuseztatu egin ziren eta batasuna aitzakiatzat hartuta Frantziak 1793tik aurrera hizkuntza bakarra aldarrikatu zuen bere esparrurako, hots, frantsesa.

            Hegoaldean, bi sektore kontrajarri ziren. Batetik askatasun eta foruzaleek, fededunek eta dinastiaren aldekoek osatutako bando karlista. Aldaketaren beldur ziren eta gizarte tradizionalaren alde egin zuten. Bestetik, kapitalismoan, aristokrazia latifundistan eta merkatari klase berrietan oinarritutako bandon liberala. Aurka-jartze honen ondorioz gerra karlista moduan izendatzen ditugun gerra zibil bi gertatu ostean, 1876an euskal gizartean berebiziko eragina izango zuen foruen galera etorri zen.

            Kulturari erreparatzen badiogu, Frantzia eta Alemanian Rousseau eta Goetheren eskutik erromantizismoa nagusitzen hasia zen aurreko mende bukaeratik. XIX. mende erdialdean errealismoak egingo du agerrera.

            Egoera historiko eta kultural honen baitan, Euskal Herrian literaturako aurreko mendean izandako loalditik esnatzen hasten da. Erlijiozko edukietatik urruntzen diren gero eta lan gehiago hasiko dira agertzen. Euskal idazleak bestelako helburuekin idazten hasiko dira: hezkuntza, bizimolde tradizionalaren defentsa e.a. Honetaz gain, bizkaiera hizkuntza literario moduan erabiltzen hasiko dira zenbait idazle. Arestian aipatutako 1876ko Foru-galtzeak indarberritze kultural eta literarioa ekarriko du. Egitasmo berriak agertuko dira egoerari aurre egiteko: lore jokoak, kazetaritza, etab….

            Honez gain, mende honetan atzerrian Euskal Herriarenganako interesa pizten hasi zela ere aipatu behar da, euskarak eta euskal kulturak mugituta. Horrela, atzerriko euskalari asko etorriko dira Euskal Herrira eta atzerrian Euskal Herriko berria zabalduko dute. Batzuk aipatzekotan, aipagarrienak ondorengoak izan ziren:  Luis-Lucien Bonaparte, Wilheim von Humbolt, Antoine d`Abadie, Hugo Schuchardt, Jan Van Eys, Georges Hérelle, Julien Vinson, E.S Dogson, besteak beste.

            Euskalari hauetatik ezagunena, zuir asko, Luis Luciano Bonaparte Printzea (1775-1840) da. Napoleon Bonaparteren iloba izan zen eta euskararekiko interesa piztu zitzaionez, zenbait bidaia egin zituen Euskal Herrira. Bidaia hauetan, euskara batzen eta ezagutzen ibili zen eta ezaugarri linguistikoen arabera egindako lehen sailkapena eta mapa linguistikoa zor dizkiogu. Humbolt ere, oso ezaguna da euskalarien artean. Honek euskararen jatorriaren teorian sakondu zuen eta euskararen berria Europan zehar zabaldu zuen. Azkenik, atzerritarren artean Antoine d’Abbadie aipatzea ere garrantzitsua dela deritzot. Irlandar hau Lore Jokoen sustatzaile nagusietako bat izan zen. Honez gain, Agosti Xahorekin batera Zubererako lehen gramatika idatzi zuela azpimarratu behar dugu: Les études grammaticales sur la langue euskarienne (1836).

            Behin, kanpotarrak gainetik aipatuta, goazen euskal idazleen produkzioa aztertzera. Lehen ere esan dudan bezala, euskal literatura erlijiozko gaietatik aldentzen hasten da mende honetan. Hala ere, lehenengo, mende honetan oraindik lan erlijiosoei eutsi zieten autoreak aipatu nahi ditut.

            Horietako bat Juan Bautista Agirre (1742-1823) edo “Agirre Asteasukoa” dugu. Idazle honek bere sermoiak gaika antolatu zituen eta Eracusaldiac (1850) lanean argitara eman zituen. Esan behar da, Agirreren sermoiek oso gipuzkera ona erakusten dutela eta narrazioari begira Axularren estiloa nabari zaiola.

            Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) arratiar frantziskortarraren lan ezagunena ere erlijozkoa izan zen: Escu liburua eta berean eguneango Cristiñau cereguiñac (1802). Honez gain, Axularren lana bizkaierara itzuli zuen eta Asteteren katezismoa goi nafarrerara. Azkenik, hiztegi eta gramatika bat ere idatzi zuen dilekto bizkaitarra, gipuzkoarra eta nafarra uztartzen zituena: Para el uso y alibio de los párrocos y predicadores Bizcaynos, Guipuzcoanos y Navarros.

            Erlijiozko gaien idazleen artean Pedro Astarloa (1751-1821) ere daukagu. Bizkaitar honek bi liburukitan banatutako doktrina kristiana idatzi zuen: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, zeintzubetan azaltzen dan Erromaco catecismua (1816-1818). Frai Bartolome markinarrak ere idazlanen artean, aipagrriena ondorengoa da (erlijiosoa baita): Euscal-errijetaco olgeeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba, (1816).

            Gipuzkoara salto eginez, Gregorio Arruek (1811-1891) ere erlijiozko gaien artean idatzi zuela ikusten dugu. Bere lanen artean, aipatzea merezi du Crishtoph Schmid alemaniarraren lan batetik itzulitako Santa Genovevaren bicitza (1868). Lan honek arrakasta handia izan zuen eta askotan berrargitaratu zen.

            Azkenik, erlijiozko lanekn amaitzeko Joaquin Lizarraga (1748-1835) aipatu behar dugu. Hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuen. Lizarragaren lanen artean aipagarriak dira besteak beste bere parrokiako sermoien errekopilazioa: Urteko Igande guztietaraco Platicac edo Itzaldiac (1846) edo Bonapartek argitaratu zion San Juanen ebangelioko itzulpen bat: Jesus Cristoren evangelio sandua Juanec dacarren guisara (1868). Honetaz gain katezismo baten egilea ere bada: Doctrina Christianoarén cathechima (1979).

            Aurreko mendean  Agustin Cardaberazek Eusqueraren berri onac lanarekin hasitako bidea garatzen hasi zen XIX. mendean lan didaktikoen hazkuntzarekin. Hezkuntza baliabide moduan, alegiaren alorra (batez ere itzulpenak) lantzen hasi zen mende honetan. Euskal fabulisten artean, derrigorrezkoa da Mogeldarrak aipatzea. Jose Antonio Mogel oso alegizalea izan zen eta gainera hauek sutondoan kontatzen ziren ipuin zantarrak (bere hitzetan) ordezkatzeko idazten zituen. Horrela, bere iloba Bizenta Mogel (1782-1854), osabaren bideari jarraituz, Esoporen 50 fabularen itzulpena egin zuen: Ipui onac (1804). Liburuaren azken partean bere osaba Juan Antonio Mogelenen 8 fabula erantsi zituen. Honekin, lehen euskal emakumezko idazlea bihurtu zen.

            Mogeldarrez gain, genero honetako idazle garrantzitsuak dira Agustin Pascual Iturriaga eta Juan Mateo Zabala ere. Iturriagak (1778-1851) batez ere Samaniego eta Virgilioren itzulpenekin  osatuta, Ipuyac eta beste moldaera batzuek lana argitaratu zuen. Fabulez gain bestelako lanak ere argitaratu zituen: Arte de aprender a hablar la lengua castellana, Diálogos, Jolasak e.a. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko lan ikaragarria egin zuen.

            Juan Mateo Zabala (1778-1840), Añibarro bezala, Zarauzko komentuko frantziskotarra izan zen. Bere lanen artean Fabulas en Vizcaíno (1907) lana aipatu behar dugu. Lan honetan bereak diren hogei bat fabulaz gain, Samaniego, Esopo, La Fontaine eta Juan Antonio Moguelen batzuk ere biltzen ditu. Fabulista ez eze euskararen inguruko liburu biren egilea ere bada: El verbo regular vascongado (1848) eta Noticias de las obras vascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el padre Larramendi (1907).

            Bestalde, eta iparraldeko literaturari dagokionez, erlijiozko gaietatik kanpoko idazle batzuk aipatu nahi nituzke XIX. mende honetan.

            Mende honetan, zenbait eleberri labur argitaratu ziren. Eleberri hauek eztabaida sortu zuten, ez baitziren ados jartzen euskal lehen eleberria kokatzeko. Eleberri laburron artean, Jean Baptiste Elissanburuk (1828-1891) idatzitako Piarres Adame (1888) daukagu.  Gotzon Garate Deustuko unibertsitateko katedradunak Euskal Eleberriaren kondairan euskarazko lehenengo eleberritzat hartu zuen. Eissambururekin batera, Jean Baptiste Daskonagerre (1844-1927) aipatu behar dugu. Les Echos du pas de Roland (1867) argitaratu zuen euskaratik itzuli zuela esanez. Hala ere, badirudi ez zegoela euskarazko jatorrizko lanik eta beranduago sortu zuten: Atheka gaitzeko oihartzunak (1870). Beraz, hau ere ezin har daiteke euskal lehen eleberritzat, itzulpena baita. Gaur, Txomin Agirreren Auñemendiko Lorea (1898) hartzen du gehiengoak euskal lehen eleberritzat.

            Azkenik, hegoaldera pasa aurretik, Jean Duvoisinen (1810-1891) Laborantzako liburua (1858) aipatu nahi dut. Aita semeen arteko dialogoa jasotzen da lan honetan eta  abeltzaintza eta nekazaritzaren inguruko ezagutzak transmititzea du helburu. Bibliaren lehenengo itzulpen osoa ere Duvoisinek egin zuen lapurteraz.

            Hegoaldean, aipagarria da mende honetan sortzen dela bizkaiera literarioa. Bi idazleren euskutik sortuko da: Juan Antonio Mogelen (1745-1804) eta lehen erlijiozko gaietan aipatu dudan Pedro Añibarroren (1748-1830) eskutik. Honekin, ez dut esan nahi aurretik bizkaieraz idatzitako testurik ez zela egon, baizik eta idazle hauen eskutik bizkaieraz idazteko ardura piztu zela eta estilo bat sortu zutela. Hala ere, esan behar da, bi idazle hauek ez zutela berdin jokatu. Mogelek markinako euskaraz idatzi zuen eta fonetismoak eta guzti agertu zituen. Añibarrok arratieraz idatzi bazuen ere, ez zituen lekuko fonetismoak agertu. Beraz, eskola bi izango ditugu bizkaiera literarioaren sorreran: alde batetik, Markinako eskola (Mogelen bidetik) eta bestetik Arratiako eskola (Añibarroren eskutik).

            Mogelek 1802an euskal literaturako lanik garrantzitsuenetako bat idatzi zuen:  Peru Abarca. Hala ere, lan hau ez zen 1881era arte argitaratu. Lan honetan, gaztelerazko hitzaurre bat daukagu “al lector vizvaino” eta bertan bere ideiak agertzen zaizkigu. Obrari berari dagokionez, fikzio dialogatu baten oinarritutako apologia da eta Peru Abarca baserritarra eta Maisu Juan medikuaren arteko sei autuk osatzen dute. Peru ezikasia izan arren, Maisu Juan ikasiak baino hobeto daki euskaraz eta euskararen altxorrak erakusten dizkio obran zehar, harik eta euskalzaletzen duen arte. Honek Mogelek lan honen bitartez Euskal Herriko “maisu Juanak”, hau da, kanpoan ikasi eta euskarari garrantziarik ematen ez dioten horiei euskara ona baserrian dagoela erakutsi nahi diela erakusten du. Azken batean, Peruk Maisu Juanekin egiten duena egin nahi du, hots, euskalzaletu. Hemen, Larramendiren eragina ikusten zaio Mogeli.

            Larramendiren eragina aipatu dugunez, Mogelek bere lehen lana gipuzkera idatzi zuela aipatu nahi dut. Lana “Konfesio eta Komunioko Sakramentuen gañean erakasteak” (1800) da eta esan dugunez gipuzkeraz idatzia dago. Mogelek bere lanen hitzaurretan dioenez, lehengoz gipuzkeraz idatzi zuen aurreko mendeko gipuzkera literarioaren loraldiari begira eta ez zuelako bizkaitarren artean irakurzaletasunik ikusten. Hala ere, lan hau idatzi ostean, bere herriko bizkaitarrek bizkaieraz idaztera tentatu zuten. Gainera, Añibarrok bizkaieraz zerbait idatzi zuela ikusi zuen. Hortaz, bere ondorengo lana bizkaieraz idatzi zuen: “Konfesiño ona” (1803).

            Prosa alde batera utzita, poesiari erreparatzen badiogu, mende honetako produkzioa handia izan zela azpimarratu behar da. Hala ere, ezin dena ona ekarri eta aipagarriena baino ez dut komentatuko. Poesiaz dihardugula, 1851tik aurrera iparraldean eta 1879tik hegoaldean D´Abbadieren iniziatibaz Lore Jokoak ospatu ziren. Lore Jokoak izango ditugu ardatz nagusitzat eta hemen nagusitu ziren idazleak: Elissamburu, Zalduby eta Arrese Beitia, besteak beste.

            Elissamburuk bost aldiz irabazi zituen Lore-Jokoak. Lehenago aipatu dudan Piarres Adame nobela laburraz gain, bere konposizio garrantzitsuena “Solferinoko itsua” da. Solferinon itsu geratzen den soldadu batetaz dihardu.

            Gratien Adema “Zalduby” Elissambururen adiskide minak erlijioa eta aberria izan zituen bere konposizioetako gai nagusi. Bere testuetan ezagunena Euskal Herriko zazpi probintzien batasunera deitzen duen “Zazpi Euskal Herriek” dugu.  

            Felipe Arreseibeitia (1841-1906) bizkaitarrak hegoaldean ospatu ziren lehen Lore Jokoetako (Elizondon) irabazlea izan zen bere Ama Euskeriari Azken Agurrak olerkiarekin. Beste lan batzuk ere idatzi zituen:  Ama Euskeria Liburu Kantaria eta Asti-Orduetako bertsozko lanak. Pentsamendu tradizionalekoa euskaldun/ez euskaldun, iragana/ oraina, foralismoa/liberalismoa antitesiak agertzen dira bere poemetan.

            Bestalde, elementu erromantikoak agertu zituzten beste autore batzuk ere aipagarriak dira. Horien artean, esaterako, Indalezio Bizcarrondo “Bilintx” (1831-1876) bertsolaria daukagu. Kultura gutxiko idazlea izan arren, zabalkunde handia izan zuen bertsolaritza eta poesiaren arteko obra poetiko bat sortu zuen. Maitasun poesian maisu, lehenengo aldiz agertzen du “ni” erromantikoa umore eta ironia handiarekin. Bere konposizio ezagunena “Ja-jai” dugu.

            Aipamena merezi duen beste idazle bat, Pierre Topet Etxahun (1786-1862) dugu. Herri poesia, bertsolaritza eta poesia erromantikoaren artean kokatzen da.1853an Lore-Jokoetan parte hartu zuen eta saritua izan ez zenez poema satiriko bat idazti zuen epaileen kontra. Bere lanen artean “Maria Solt eta kastero” aipa dezakegu. Jose Maria Iparragirre ere aipatzekoa da(1820-1881). Lehenengo karlistadan parte hartu ondoren, Europa eta Ameriketako exilioan ibili zen gitarrarekin kantari. Foruak galdu ostean berriro bueltatu zen. Bere lanen artean “Gernikako arbola” aipatu behar dugu.

            XIX. mendean, batez ere bigarren erdian, politikaren joan etorriek ideia batzuen alde eta beste batzuen kontra egiten zuen literatura militante baten sorrera ekarri zuen. Honekin batera, tirada handiko zenbait aldizkari jaio ziren: 1880an Euskal-Erria sortu zen. Jose Manterola izan zuen zuzendari. Handik zazpi urtera, 1887an, L.Etcheverryk Eskualduna sortua zuen.  Jean Hiriart-Urruty izan zen bertako zuzendari.

            Azalpentxo hau amaitzeko, mende honetan ere antzerkiaren berrikuntza etorri zela Marcelino Soroak hasitako bide honi Victoriano Iraolak (1841-1919) eman zion jarraipena.

Bibliografia:

Aldekoa. I., 2004, Historia de la literatura vasca, Donostia, Erein.

López Gaseni. J.M., 2002, Historia de la literatura vasca, Madril, Acento.

Mitxelena. K., 1960, Historia de la literatura vasca, Madril, Minotauro.

Salaberri. P., 2002, Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte, Donostia, Elkar.

VV.AA.,1996, Los escritores. Hitos de la literatura clásica euskerica, Vitoria-Gasteiz, Fundación Sancho el sabio.

 Villasante. L.,1961, Historia de la literatura vasca, Bilbao, Sendo.

www.armiarma.com

www.libros.ciberanika.com

    

Etiquetas:

  • Etiquetas