Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Eskola Txikiak

diciembre 9th, 2011 · No hay Comentarios

Roser Boix-ek Eskola Txikiak arrainontziekin parekatzen ditu, dena ikusten eta entzuten delako. Eskola Txikien web orrialdean ikus daitekeen moduan, eskola hauetan ikasleek gela berean jarraitzen dute bizpahiru urtez, zaharrago naiz gazteago diren kideekin batera ikasiz, zeina oso aberasgarria eta baliagarria den doktorearen esanetan. Orrialdean ikus daitekeenez, Eskola Txikiak landa eremuetan dauden herri eskola euskaldunak dira. Arraroa, berezia eta ezohikoa dirudien arren, Gipuzkoan 26 dira modu honetan lan egiten duten eskolak; nola, baina?

Esan bezala, Eskola Txikiak landa eremuetan dauden herri eskola euskaldunak dira eta adin desebrdinetako haurrak ikasgela berdinean izatea du ezugarri nagusi, kooperazioan oinarrituta ikasleen arteko harreman aberatsak sortuz. Honetaz gain, herriko eskola bakarra behar du izan, sei ikasgela edo gutxiago dituena eta adin desberdinetako haurrak gela berean batzen dituena, talde txikitan. Guraso eta irakasleen arteko harreman estua egon ohi da eta  naturarekin harremanetan dagoen eskola izatea du beste bereizgarri bat, herriaren kultura eta nortasunean oinarritutako heziketa bultzatzen duen artean (Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundea).

Web orrialdean ikus daitekeenez, guraso eta irakasleen arteko harreman estuaren eraginez proiektu desberdinak bideratzen dira bi taldeen elkarlanarekin, haurrak eskolaz kanpoko iharduerak herrian bertan egitera bultzatuz eta eskolaren bidez herrian integratzeko aukera eskainiz. Beste alde batetik, gainera, webgunean agertzen denez, euskal kulturaren bultzatzaile dira eskola hauek; besteak beste,  hitanoa, esku pilota nahiz bertsolaritzaren topaleku bihurtzen baitira maiz.

Gipuzkoako Eskola Txikien web orrialdeak dioen moduan, 1988az geroztik ekainaren bigarren igandean festa bat ospatzen dute “eskola txikiak bizirik” lelopean, Eskola Txikiak dauden herri desberdinak txandakatuz, herria eta eskolaren arteko harremana sendotzeko helburuarekin.

Herria eta eskolaren arteko harreman horretaz gain, ordea, herriek elkarren artean duten harremanaz ere hitz egiten du Guraso Elkarteen Koordinakundeak. Modu honetan, Eskola Txiki desberdinen arteko kirol nahiz antzerki topaketez mintzo da, baita kostaldeko eskolek sortutako Txikipress aldizkariaz ere.

Roser Boix unibertsitate irakaslearen arabera, hiria imitatzeko joerak herrikoa eta landa eremukoa den guztia bigarren maila batean uztea ekarri du, eta Eskola Txikietako irakasteko eta ikasteko metodologia aztertzea proposatu du irtenbidetzat. Bere ustez, ”ikaskuntza-zirkulu zentrokideak” deitzen dienaren bidez ikasten dute haurrek: edukiak behin eta berriro errepikatzearen ondorioz errazago ikasten direla sinetsita dago, baita zaharrago nahiz gazteagoekin egoteak ikasleak motibatu egiten dituela ere; batzuek aurrera jarraitzen duten heinean, beste batzuk edukiak finkatzen dituzte, elkarrekin tutore lanak egiten dituzten bitartean. Beste abantaila batzuen artean, ikaslearen autoezagutza eta autonomia maila azpimirratzen ditu Boixek, hark duen ikasketa-erritmoa errespetatzearen garrantziarekin batera. Ondorio moduan, esan liteke irakasle honen iritziz besteenganako errespetua, adiskidetasuna, ardura edota partaidetza liratekeela Eskola Txikiek haurrei eskaintzen dieten altxorrik baliagarriena.

HIK HASI aldizkariko beste artikulu batean, Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinadorako lehendakariari egindako elkarrizketan, gurasoek izaten dituzten kezka ohikoenak agertzen dira, haurra behin eskolatik atera eta Institutura joan behar denean nola moldatuko ote den izanik ohikoena. Horri erantzun bat emateko, Eskola Txikietako irakasleak Institutukoekin jartzen dira harremanetan, eta jarraipen bat egiten da ikaslearen lehen hilabeteetan.

Gipuzkoa, baina, ez da Eskola Txikiak dituen herrialde bakarra. Bizkaiaren kasuan, HIK HASI aldizkarian agertzen denez, 29 dira mota honetako eskolak. Badirudi, ostera, ikasle kopuruaren igoerak zenbait Eskola Txiki handiago egitera behartuko dituela. Gipuzkoa eta Bizkaiko eskolen desberdintasun nagusia azken honek koordinatzailerik ez dutela erakusten du artikuluak. Koordinaziorik izan ez arren, Ibiltzen aldizkariak zenbait eskolen artean harremanik badela baieztatzen du, baita Koordinakunde bat sortzeko zenbait pauso ematen hasiak direla ere, Bizkaiko Eskola Txikiek elkarrekin lan egin eta arazoak batera konpon ditzaten.

Laburbilduz, Gizpuzkoako Eskola Txikien Elkarteko koordinatzailearen hitzetan, esan genezake landa eremuetako Eskola Txikiak garrantzia handia hartzen dutela herri txikietan, herria bizirik mantzentzeaz gain etorkizun bat segurtatzen baitie.

Erreferentziak

Filed under: Basque Language, Humanities Tagged: Hezkuntza

Etiquetas:

  • Etiquetas