Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

HASHTAG ETA THOUGHT-STREAMING

octubre 23rd, 2010 · No hay Comentarios

Azkenengo asteetako klaseetan etengabe hitz egin dugu hashtag eta thought-streaming delakoen gainean, batez ere Twitter-en erabileran murgildu garenetik eta sare sozial horrekin erabat lotuta dauden aldetik. Gure arteko komunikazio erak tairik gabe aldatzen ari diren honetan ezinbestekoak diren bi kontzeptu hauei buruzko informazioa ematen saiatuko naiz artikulu honen bitartez.

Hashtagak Twitter-en erabiltzen diren tag edo etiketak dira. Hitzak edo esaldiak dira, hash sinbolo batez (#) aurretiaz ezarriak. Edo beste era batera esanda: almohadiladun etiketak dira. Hashtagen bidez tweetak sailka ditzakegu gai jakin batekin identifikatu ahal izateko. Baina nola erabiltzen dira? Gai zehatz baten inguruko tweet bat idatzi nahi dugunean, “#” jarri behar dugu gai hori antzemateko hitzaren aurrean. Esaterako, Digital Resource Management ikasgairako Twitteren darabilgun hashtaga #rdf1011 da. Era honetan, ikasgaiarekin zerikusia duten tweetak bertan biltzen dira, eta nahikoa da hashtag hori sakatzea gure tweet guztiak ikusi ahal izateko.

Joshua Odmark-ek, “Twitter SEO – The Slow Death of Twitter Hashtags” izeneko artikuluan, hashtagek dituzten alde onak aipatzen ditu: alde batetik, interes komunak dituztenen taldeak sortzeko baliogarriak dira; beste alde batetik, solasaldi zehatzen bilaketa izugarri errazten dute; azkenik, era egokian erabiliz gero, tweeten esanahia edo helburua ulertzeko oso lagungarriak dira. Hala ere, ez dituzte alde onak soilik, eta hashtagen desabantailak ere aipatzen ditu Odmark-ek:

  1. Behin baino gehiagotan hashatagak ulertezinak egiten zaizkigu.
  2. Hitz bat baino gehiagoz eratutako etiketen zailtasuna, letra larrien bidez bereizita badaude ere.
  3. Spammersen gehiegizko erabilera.
  4. “#” ikurrak programatzaileei eragin diezazkiekeen arazoak.
  5. Artifizialak izatea.

Thought-streaming Twitteren gertatzen den fenomenoa dugu. Kontzeptu honen bidez zera eman nahi da aditzera: denbora errealean ematen den iritzi eta pentsamendu jarioa; milaka pertsona pentsatzen ari direna, ia-ia pentsatzen ari diren momentu berean. Gainera pentsamendu hauek guztiak datu-base batean eskuragarri daude edonorentzat, eta honi esker posible zaigu jakitea munduko herrialde ugarietako biztanleak (taldeka zein indibidualki) ze gai edo gertakizunen inguruan mintzatzen diren. Bilaketa makina berri bat da eta Erick Schonfeld-en hitzetan “it’s a real-time search engine. A what’s-happening-right-now search engine”.

Twitterek itzelezko arrakasta izan du thought-stream delakoarengatik, geroz eta jende gehiagok idazten baititu bere pentsamenduak zuzenean Twitteren eta, honenbestez, denbora errealeko pentsamendu jario horren gehiengoa jasotzen du (mezu laburrak dira, Webean esaldi laburrak luzeak baino eraginkorragoak dira eta). Dena den, eta nagusitasuna badu ere, ez da aipatutako sare sozial hau fenomeno berri hau bultzatzen duen bakarra. Ahaleginetan dabiltza ere Facebook, FriendFeed eta Google. Azken hau eta bestelako bilatzaile batzuk baliagarriak dira jendea bilatzen ari dena, beraien desirak eta asmoak biltzen dituztelako, baina adierazten ez dutena da jendea zer egiten edo pentsatzen dabilen. Twitterak ematen digu hori jakiteko aukera.

Iturriak:

Etiquetas:

  • Etiquetas