Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

LIBURUAREN HISTORIA

noviembre 20th, 2010 · No hay Comentarios

Artikulu honen bitartez liburuak historian zehar (sorreratik inprentaren agerpenera arte) izandako bilakaeraren berri emango dizuet, euskarriei, gaiei eta herrialdeei loturiko informazioa ere emanez.

Mesopotamiarren garaian taulak ziren nagusi batez ere, eta horietako asko egoera onean iritsi dira gaur egunera arte. Gehienak buztinaz eginikoak dira. Honez gain, metala eta harria ziren materialik erabilienak.

Egiptoarrak papiroaz baliatu ziren, mesopotamiarren buztinezko taulak baino hobea zena. Bere ezaugarrien artean, besteak beste: tintaz idazteko eskaintzen zuen erraztasuna, urarekin ezabatu zitekeen, aurkezpen ona zeukan, iraunkortasuna, bai eta erabilera eta garraio erraztasuna ere. Hori guztia dela eta materialik aproposena izan zen milaka urtez. Dena den, papiroaren fabrikazioa oso neketsua zen eta, horregatik, beste material batzuk ere erabili ohi zituzten idazkeraren euskarri gisa, hala nola ostraka izenaz ezagutzen diren zeramika zatiak. Egiptoko eskribek pintzel antzekoekin idazten zuten.

Greko-erromatarrak. Grekoek ere papiroa erabiltzen zuten gehien bat, baina egiptoarrek ez bezala egiten zuten: fabrikazio modu berri bati esker folioak egitea lortu zuten. Greziako eskribek kalamoekin (kanabera edo luma) idazten zuten. Erromatarrek grekoengandik bereganatu zituzten beren idazkera moduak eta, horregatik, Greziako liburuak eredu izan ziren erromatarrentzat. Garai honetako liburuak biribilki formakoak ziren.

Europako Erdi Aroa kultura greko-latindarraren oinordekoa dugu. Aurrekoek egiten zuten bezala, hauek ere scriptio continua izeneko estiloan idazten zituzten eskuizkribuak, hots, hitzen artean ez zuten tarterik uzten. Garai honetan liburuaren foman garrantzia izango zuen aldaketa bat eman zen: liburu-biribilkitik kodexerakoa. Pergaminozko kodexak liburu formato berriak ziren eta abantaila ugari ekarri zituzten, esaterako: enkoadernazioari esker askoz ere iraunkorragoak ziren, eramateko eta gordetzeko erraztasun handiagoak eskaintzen zituzten eta ekonomikoagoak ziren. Erdi Aroan liburuak arte lan gisa ikusiak ziren, luxuzkoak bailiran. Beraz, garai honetako hainbat liburu beren izaera artistikoagatik nabarmentzen ziren. Ilustrazioak garrantzitsuak bihurtuz joan ziren, eta enkoadernazioak ere berebiziko indarra hartu zuen. Ez zen denbora asko behar izan euskarri berri  baten agerpenerako: papera (k.o. I. mendean hasi zen Txinan, “zetazko papera” izenarekin).  Ekonomikotasunagatik eta praktikotasunagatik, denbora tarte labur baten ordezkatu zuen paperak pergaminoa.

Azkenik, XV. mendean, inprentaren sorrerak izugarrizko aldaketa teknologikoa eragin zuen. Izan ere, lehenago ezinezkotzat jotzen ziren kantitateetan ekoitz zitezkeen liburuak eta, era honetan, itzelezko aurrerapausoa eman zen irakurketaren demokratizazioan.

Iturriak:

 

Etiquetas:

  • Etiquetas