Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Zehar galdera orokorrak

enero 21st, 2010 · No hay Comentarios

“Orokor” deiturapean bilduko ditugu bai aukera galderak, bai hauen azpimultzo diren bai / ez erako galderak. Hauen bereizgarria da galde hitzik ez izatea.

  •    Menderagailua

 Lehen esan bezala, zehargaldera guztien, aukera galderen, bai/ ez erakoen eta zatizkoen,  bereizgarria aditzari itsasten zaion -eN menderagailua da. Aukera galderetan eta baita bai/ ez erakoetan, zenbaitetan bi aditz agertuko dira eta aditz bakoitzak eraman behar du bere atzizkia:

   – Ez dakit joango naizen ala telegrama bat bidaliko diodan.

            * Ez dakit joango naiz ala telegrama bat bidaliko diodan.

            * Ez dakit joango naizen ala telegrama bat bidaliko diot.

  1.        -N ALA EZ/ -eN eta eNETZ

 Egitura hauek -N menderagailuaren forma indartuak ditugu eta baietz eta ezetza azpimarratu denean lortu ohi da. Beraz, ba/ ez erako galde-perpausekin baino ez dira erabiltzen.

 Hona hemen –N ALA EZ egituraren zenbait adibide:

  – Oraindik ez dakigu egingo duguN ALA EZ.

  – Etorriko zara? Ez dakit joango naizeN ALA EZ.

 Bigarren egitura, aurrekoaren baliokide dugu. Batzuetan -eN soil horri, indartzeko edo hizki txiki bat gaineratzen zaio bost forma diferente gertatzen delarik: -eNENTZ (Bizkaieraz), -eNENZ, -eNETZ, -eNEZ (Bizkaieraz), -eNZ. Badirudi oparotasun horretan -eNZ eta -eNETZ-en (Lapurteraz) artean egin beharko litzatekeela aukera.

 Baina forma indartu hau ez da zilegi galderetan. Hots, bai / ez erako eta aukera galderetan bakarrik erabil daiteke. Hona hemen Axularren adibide bat non aukera galdera eta bai / ez erakoa, biak, biltzen dituen.

 – Eztut uste galdeginen derakula Iainkoak ea pobre onari ala gaixtoari eman diogunz,  eman diogunz baizen.

 Iparraldeko literaturan aldi eta alde guztietakoan ageri da -eNZ, forma batean edo bestean. Zuberotar eta behenafartar guztiek darabilte, Leizarragak eta lapurtar batzuek ere bai, hala nola Axularrek, nahiz beste batzuek honekin batera -eN soila ere erabiltzen duten:

  – Othoitze bat banegion larradala egia, / Bidekarian laztenez ninzan haren grazian.

  – Utzak, dakusagun eia ethorriren denez Elias horren enparatzera.

 – Orano eia zurerik heldu denez.

 – Nork daki (…) ea (…) itzuliko denz bertze aldera, ematuko zaikanz bere kolera eta utziko gaituenz gaztigatu gabe?

 Baina -eN soila edo –eNENTZ erabiltzeari deritzagu onena.

          2.       BA- aurrizkia zehargalderetan

 Bigarren zehaztapena bizkaierari dagokio. Euskalki honetako zenbait tokitan zehargaldera aukera galdera denean, -eN barik BA- hartzen du inoiz adizkiak menderagailu, ahozko hizkeran batez ere. Horrela, erabilera hau hiztunen araberakoa denez, BA aurrizkia jartzea aukerakoa da. Bai/ ez erako zehargalderetan ez ezik, aukera galderetan ere erabiltzen da BA- hau:

 – Galde egiozu gorria ala beltza hartuko badu.

 – Egia esan ez dakit badaukadan ala ez.

 Aukera hau ez da baldintzazko BA aurrizkiarekin erabilera okerrarekin nahastu behar.

Etiquetas:

  • Etiquetas