Littera Deusto

Modern Languages, Basque Studies and Humanities

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)

diciembre 22nd, 2010 · No hay Comentarios

Euskarazko hitzen aldaerak tokian toki ikusi nahi al dituzu? Ba al zenekien bi liburuki potolo daudela  aldaera horien jakinmina asebetetzeko?  Michelle Colinek dioen bezala Post-etan argitaratzen duzuna  zeu zara. Eta niri asko interesatzen zaidanez euskarak dituen aldaerak, horretaz mintzatu nahiz oraingoan.

“Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)” argitalpena da arestian aipatu dudan euskararen aldaerak plazaratzen dituen liburu bilduma. Bi liburukiz osatutako bilduma honen zeregina dialektologikoa da, izan ere, geografia du irizpide nagusi. Dialektologia barruan, geografikoa eta soziala dela esan dezakegu; geografikoa, hizkuntzaren gertakizunak tokian toki seinalatu egiten dituelako mapa baten gainean eta, soziala berriz, herriz herri hizkuntza egoera aztertzen duelako: zenbat hiztun dituen hizkuntza horrek etab.

Atlasaren deskribapen labur bat eginez, ikerketa eta kanpo-lana da liburuki hauetan aurkezten den edukia. 80.hamarkadan jaio zen egitasmoa hau, 1984ean eta honen buru Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita ziren (Arejita gaur egungo zuzendaria da).  Arduradun tekniko bezala Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain aritu dira, eta beste asko inkestak, mapak, transkripzio eta informatizazio lanak egiten.  Liburuki hauen edukia bi ezaugarri nagusien inguruan antolatzen da: ezkerreko orrialdean galderak eta haien erantzundegia aurkezten dira eta eskuinaldeko orrialdean galderei dagozkien mapak eta haien leiendak agertzen dira. Erantzundegiari dagokionez, bi erantzun mota aurki ditzakegu:

  1. Zuzen-zuzen emandakoak
  2. Erantzun proposatuak

Bestalde mapei dagokienez, bi motatakoak izan daitezke:

  1. Handiak
  2. Txikiak

Mapa handietan moldatzaileak erantzunetan aurkitu dituen kontraste handienak aurkezten dira, eta mapa txikietan galderei dagozkien aurkaritza nabarmenenak agerian ematen dira.

Liburuki honen helburuari erreparatuz gero, hizkuntz atlas guztiek duten helburu nagusi berdina du honek ere, hots,  hizkuntzaren ahozko aldaera ezberdinak mapetan agerian ematea. Esparru semantiko jakinak biltzea dela xedea ere esan dezakegu, baita ikuspegi sintaktikoa ematea ere. Gainera, giza-herri jakintzari eta hizkuntzari dagozkion barren barreneko kontzeptu eta izendapenak azaltzen ditu, konkretuki liburuki honetan denbora kronologikoa, topografia eta landaretzari dagozkien kontzeptuak (asteko egunak, hileak, urte sasoiak…). Beste helburuetako bat, euskal hizkuntzaren bilakaera eta ibilbidea aztertzea eta paperean gordetzea da, horrela, aurrerantzean zerbait non,  nola eta zertarako erabiltzen den ez badakigu,  Atlas honetara jo genezake, izan ere, Euskal Herri osoko euskara baitago jasoa.

Helburuak esan ostean, baliabideekin jarraituko dugu. Liburukietan erabilitako baliabide nabarmenenak galdesorta, galdera horiek egindako lekuak eta galdeketa  egin zaien pertsonak dira.

Galdesortekin hasiz, emaitzak, galdetegi zehatz batean oinarritutako inkesta bidez jaso dira. Inkesta guztiak grabatuak izan dira lehenik. Inkestak egiteko adineako pertsonak aukeratu ziren, tokian-tokikoak eta herritik kanpo gutxi ibilitakoak, jatorrizko euskera bete-betean mantentzeko. Inkestarako teknika ezberdinak erabili zituzten: ikonoen erabilera, egoera ezberdinen planteamendua, etab. Azkenengo hauek beherago azalduko dira, metodoligia aipatzerakoan.

Jasotako erantzunak koadernoetan transkribatu dira ondoren eta, koadernoetan jaso direnak base informatikora sartu dira. Azkenik emaitza horiek mapen bidez aurkezten dira. Galdesortak guztira 2.857 galdera ditu, eta lau atal nagusitan banatu izan dira:

  1. Lexikoa => 2.163 galdera.
  2. Jokatzeko morfologia => 595 galdera.
  3. Joskera => 62 galdera.
  4. Joskera fonetika => 37 galdera.

Hizkuntza atlasetan lexikoari buruzko galderek alderdi etnografikoa dute askotan. Morfologiari eta, oro har, gramatikari dagozkien galderak ez dira ohikoak hizkuntza atlasetan. Morfologiari buruzko galdera gehienak jokadurari dagozkio, hau da, morfologia flexiboari. Joskerari dagokionez, galdera gutxiago daude, izan ere, gisa horretako gaiak nekez ezarri daitezke mapetan. Hori dela eta, ukitu izan direnak: aditzarekiko komunztadura, aditz batzuen erregimenak, galdegai kontuak, mendeko perpaus erabilienak e.ab. dira. Azkenik, joskera fonetikari dagozkion galdera batzuk aurkitzen dira, aditz jokaduran bereziki ager daitezkeen morfemen segiden burutzapena aztertzeko eginak.

Inkesta lekuei dagokionez, lekuen sarea eta haren dentsitatea finkatzerakoan, faktore desberdinak hartu dira kontuan, besteak beste, erliebea, hizkuntzaren egoera, historia, azokak, e.ab.

Guztira 145 leku aukeratu dira, 45 inkesta leku Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuari dagozkionak, 73 inkesta leku Espainiako Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkionak, eta azkenik, Nafarroako Foru Erkidegoari dagozkion 27 inkesta leku. Honela banatzen dira inkesta-lekuak euskal  herrialdeetan zehar mendebaldetik ekialdera joanda:

  • Bizkaia => 36
  • Araba => 01
  • Gipuzkoa => 36
  • Nafarroa=> 27
  • Lapurdi => 15
  • Nafarroa beherea => 18
  • Zuberoa => 12

Baliabideen atalari bukaera emateko, lekukoak dauzkagu. Hizkuntza atlasetan egiten diren inkestak inkesta lekuetan jaiotako lekukoekin egiten dira. Hizkuntza Atlas honetan ez da gizonen eta emakumeen arteko bereizketarik egin, beste berezitasunei eman zaie garrantzia; hala ere, behin edo behin, gizonezkoak kanpoko lanen berri izateko hautatu dira eta emakumeak etxeko lanen berri.

Atlasaren deskribapena bukatuz, metodologia ere aipatu beharra daukagu. Erabilitako metodologiari buruz, laburbilduz, esan dezakegu, inkestako galderak era desberdinetan planteatu dituztela: irudiak, ikonoak, argazkiak… Bestalde egoeren deskribapenez baliatu dira, baita perifrasiz ere. Inkestagileek informazioa lortzeko, arestian esan dugun moduan, galdeketak erabili dituzte. Galdeketen erantzunak jaso, erantzun guztiak bildu eta, ondoren, bigarren eta hirugarren erantzunak bilatu dituzte. Horrela, leku bakoitzeko erantzun bat baino gehiago lortu dituzte. Inkestagileak erantzunak modu mugagabean eta partizipio burutuko forman ematen saiatu dira. Behin baino gehiagotan zalantzazko datuak bildu dituzte. Erantzun pasibora neurtzeko erantzun proposatuak bildu dira. Erantzun proposatuen sistema lehenengoz “Atlas Linguistique et Ethnographique de la Gascogne” atlas delakoan aplikatu zen. Beste batzuetan, inkestagileek, beste erantzun batzuk proposatu zizkioten lekukoei.

Ondorioz,  Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskaldun orok bere etxean eduki beharko lukeen bi liburukiz osatutako bilduma aparta dela esan genezake. Tamalez, liburu bilduma ez dago salgai eta dauden ale apurrak Euskaltzaindiak ditu. Hala ere, Euskaltzaindiako web gune ofizialean debalde kontsultatu genitzake une oro liburuki zoragarri hauek. Ez galdu aukera eta bota begiradatxo bat.

INFORMAZIO ITURRIAK:

  • Euskaltzaindia. (2010). Kontsulta eguna 2010eko abenduak 14ean web orrialde honetatik  http://www.euskaltzaindia.net/
  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA). (2010). Kontsulta eguna 2010eko abenduaren 13an web orrialde honetatik http://www.euskaltzaindia.net/ehha
  • Jean Séguy. (1954).  Atlas Linguistique et Ethnographique de la Gascogne. Pariseko “Centre national de la recherche scientifique”en argitaratua. Kontsulta eguna 2010eko abenduaren 5ean.
  • Eusko Irakaskuntza. (2005). Eusko-ikaskuntza.org-en kontsultatua 2010eko abenduaren 15ena orrialde honetan http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/
  • Eusko Sare, Euskal komunitate globalaren sarea. (2004-2010). Kontsulta eguna 2010eko abenduaren 18an orrialde honetan http://www.euskosare.org/
  • Michelle Colin. (2010/03/27). Business week. Kontsulta eguna 2010eko abenduaren 20an web orrialde honetan  http://www.llrx.com/features/goodgoogle.htm

Filed under: Basque Language Variation, Languages

Etiquetas:

  • Etiquetas